Musika, bozgorailu bikaina Elkartasun Egunean

Goiena 2010eko ekainaren 7a

Aurten, bosgarren urtez, Arrasateko kaleak musikaz eta aldarrikapenez bete dira. Aurten Portaloira plataformak egitarau txikiagoa prestatu du, baina arrakasta ia bera izan du. Bertso-triki-poteoan jende askok parte hartu zuen, eta parrilladan ere, agian eguraldi beroak lagunduta, parte-hartze handia izan zen.

Tabernetako burrundara

Bazkal ostean, Arrasateko eta inguruetako 12 musika talde erdiguneko taberna kopuru berean kontzertuak egiten hasi ziren: Ultzamako Goienetxe Anaiak taldearen hip-hopa, Aggressive Combaten street-punk zuzena, 60ko hamarkadako garageari omenaldia Shycosonicsen eskutik, Fight to Life-ren Oi! doinuak, Elorrioko Sermonds punk-rock talde indartsua, Crisis-en punka, Oñatiko Asfiksiaren thrash-metala, Beasaingo Mendez Guerrilla bertsionero monarkikoa eta beste. Ezinezkoa talde guztiak ikusi eta entzutea, baina itzelezko eskaintza aurten ere.

Gaztetxea bero-bero

19:00ak aldera kontzertuak eten eta kale agerraldia egin zuten euskal presoen eskubideen alde. Afaldu, indarrak berrartu eta gaztetxeak hartu zuen lekukoa.
Oñatiko Show Businessek Pozoindutako hitzak diskoa aurkeztu eta hard-rock emanaldi gitarreroa egin zuten. Horren ostean, Galiziako Skarmento taldea igo zen agertokira. Gazteleraz eta galizieraz punk-rock indartsua egin zuten. Igartzen da eskarmentua daukatela eta esker oneko hitzak izan zituzten antolatzaile eta ikusleendako. Gainera, Zakarrak beteranoen Desengañado bertsioneatu eta jendea poltsikoan sartu zuten. Hurrengoak, Iheskidek, ere oso harrera ona izan zuen. Elorrioarren punk-rockak jarraitzaile asko ditu eta hala erakutsi zuten gaztetxean. Eta, jakina, espetxean dagoen Gaizka baxu jotzailea ere gogoan izan zuten.

Eta bukatzeko, postrea: Garagartzako Kañeria 13 talde beteranoak ia sua eman zion agertokiari punk eresiak interpretatuta eta Ulli abeslariaren ikuskizunarekin. Une arriskutsuena motozerra atera zutenean, eta jendea pozarren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak