Musakolan Haurreskola zerbitzua ipintzeko pausoak ematen dihardute

Ubane Madera 2009ko ots. 16a, 09:32
Musakola auzoan, Herri Eskolaren baitan Haurreskola zerbitzua sortzeko pausoak ematen dabiltza Arrasateko Udala eta Hezkuntza ordezkaritza. Ezin dute esan noizko izango duten gertu, baina lehenbailehen izango dela bai. Horixe eman zuen aditzera Oihana Aranburu alkateordeak eta Kultura, Emakume eta Hezkuntza Sailetako arduradunak GOITBko Magazinea saioan.


Alkateordeak jakinarazi zuen iaztik dabiltzala Haurreskola zerbitzu berriaren proiektua lantzen, besteak beste, gurasoek egindako eskaerak aintzat hartuta. Hori horrela, Udalaren asmoa gauzatuz gero, Bedoñaben (San Andresen) izan ezik, Musakolan ere hartuko dituzte 0-2 urte bitarteko neska-mutikoak.   

2009ko aurrekontuak

Horrez gainera, 2009ko aurrekontuan kultura arloan proposatutako inbertsiorik potoloenak aipatu zituen: "Erlojuaren eraikinaren proiektua da inbertsio indartsuetako bat. Saiatuko gara lehenbailehen martxan jartzen". Eta Hezkuntza arloan Musakolako Haurreskolarena aipatu zuen.

Aurrekontu orokorrei dagokienez, dio "zirriborro proposamena" eginda dutela eta ekarpenetarako "erabat zabalik" daudela; baita ere, "ahalik eta lasterren" aurkezten saiatuko  direla.

Musika etxea lantzen

Bestalde, Erlojuaren eraikinaren harira, gogorarazi zuen "hasieratik" esan zutela proiektu horrek "lehentasuna" duela, baina gaineratu zuen eraikinaren "jabego aldetik" eta eraikina errekaren gainean dagoelako (oraingo legeak ez du hori lagatzen) arazoak izan dituztela. Hala, "hori desblokeatzen ahalegintzen" dihardutela esan eta gehitu zuen asmoa dela Musika Etxea Saiolanera eramatea (gaur egun Monterrongo jauregia erabiltzen dute). Hala esan zuen: "Monterronen dago modu probisionalean. Hura ez dago horretarako prestatuta. Gabeziak dauzka. Erlojuaren eraikinari dagokionez, asmoa da aurretik erdi eginda zegoen proiektua birplanteatu, eta Arrasate Musikalekin batera, kultur talde ia guztiak sartzea han. Gura dugu guztiekin berba egin, ekarpenak entzun eta horien arabera proiektua gauzatu". 


Musika Etxearen proiektuaren nondik norakoei dagokienez, berriz, aldaketak izango dira. Uste dute Musika Etxea Saiolan eraikinaren bigarren solairuan ipintzea "ez dela egokia", erabiltzaileak eraikinean "gora eta behera" ibili beharko liratekeelako. Aranburuk dio ahalegindu behar direla eraikinaren ahalik eta solairurik baxuenean gauzatzen Musika Etxearen proiektua.

Industria museoa

Bestalde, eta Erlojuaren eraikinean lehengo legegintzalditik  aurreikusita zegoen Industria Museoaren proiektuari dagokionez, Aranburuk aditzera eman zuen proiektua ez dagoela "baztertuta" eta badutela hari ere irtenbideren bat emateko asmoa, baina gaineratu zuen oraingoz ez dutela "aurrerapausorik egin".

Kulturate hobetzeko asmoa

Kultura kontuekin segituz, berriz, Kulturate eta kultura etxeak eskaintzen dituen zerbitzuak ere berbagai izan zituzten. Hain zuzen ere, haren gainean herritarrei galdetzeko asmoa dutela esan zuen: "Erabilera areagotzeko herritarren iritzi zein satisfazio maila ezagutu nahi ditugu, funtzionamenduaren azterketa sakon bat egin ahal izateko". Adibidez, horren harira, aipatu zuen azterketa garaian zerbitzua hobetzeko aukera aztertuko dutela. 

Emakume txokoa

Bukatzeko, bestelakoen artean, nabarmendu zuen Arrasateko beste berezitasunetako bat dela Emakume Txokoa. "Erreferente bilakatu" da. Datua ere eman zuen: 250 erabiltzaile inguru ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak