Musakolako kiroldegiko obrak gaur zortzi hasiko dituzte

Ubane Madera 2010eko ekainaren 7a

Musakolako kiroldegiko obrak, Olandixoko tunelaren obrak eta Garagartzan egin behar duten biribilguneari dagozkionak. Horiexek aztertuko dituzte, besteak beste, gaur arratsaldean (astelehena) udal gobernuko kideek.

Kiroldegiko obrei dagokienez, ekainaren 14an hasiko dituzte, gaur zortzi, beraz. Freixinet enpresak egin behar ditu. Gogora ekartze aldera, kantxako eta barruko igerilekuko egitura konponduko dute, eta igerilekua bera iragazgaizteko obrak egingo dituzte. Behin obrak hasita, lau hilabete eta erdian bukatu egingo dituzte. 

Erabiltzaileengan izango duten eraginari dagokionez, berriz, igerilekuari begira, barrukoa itxi eta kanpokoa zabaldu egingo dutenez, alde horretatik ez dute eragozpenik eragingo irailera arte.

Kantxa, abuzturako

Kantxari dagokionez, berriz, Udalaren aurreikuspena da abuztuaren amaierarako obrak bukatu egingo dituztela. Kontuan hartuta kantxa kirol taldeek eta eskolek erabiltzen dutela, eta dagoeneko ikasturtea eta 2009-2010 denboraldia bukatzear daudela, bada kasu horretan ere, eragin txikia izango dute obrek.

Hori, beraz, kiroldegiari dagokionez. Olandixoko tunelari dagokionez, berriz, gaur udal gobernuak landuko duena izango da obra horiek nekazaritzako bide publikoetan dakarten eragina.

Garagartzakoa egokitzeko

Eta obra kontuekin bukatzeko, Garagartzeko biribilguneko obrak ere mahai gainean izango dituzte udal agintariek gaur arratsaldean. Kasu horretan, baina, oraindik ez dituzte obrak hasiko. Proiektua aldatu beharra dago, eta horixe da arratsaldean aztertuko dutena: proiektua zela egokituko duten.

Obrez gainera, baina, bestelakoak ere aztertuko ditu udal gobernuak. Esaterako, oraingo asteburuan izango den Ardo eta Gazta Egunari dagokion laguntza eskaera, Al-Andalus elkarteak Errozioko erromeria antolatzeko eskatu duena edo beste urte batez, Lezetxikin indusketak egitera etortzeko jaso duten eskaera.




ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak