Musakolako Herri Eskolako eskaintza handitu guran

Ubane Madera 2009ko apirilaren 6a

Aurrera doa Musakola auzoan Haurreskola zerbitzua ipintzeko egitasmoa. Eguenean osokoak onartu zuen San Antolingo maisu-maistren eraikinaren titulartasuna Jaurlaritzari ematea. Eta Jaurlaritzak Musakolako Herri Eskolarako dituen egitasmoen artean, Haurreskola zerbitzua ematea gura dute.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren asmoa da, behin eraikinaren titulartasuna eskuratutakoan, hura bota eta 2012-2013rako berria egin. Hain justu ere, eraikin berri horretan eta orain dagoen erakinean berregituratu egingo lukete Musakolako Herri Eskolaren eskaintza osoa. Labur esanda, lau ikasturte barru Musakolako eskolako hezkuntza eskaintza dezente handitu gura du gobernuak.

Arrasateko Udaleko Hezkuntza Sailetik argitu dute Eusko Jaurlaritzak berak eskatu duela eskola publikoaren eskaintza handitzea. Izan ere, 2006 zein 2007 urteetan, Arrasaten jaiotza kopuruak gora egin zuen eta ondorioz, "2007an ume batzuk urtarrileko eta maiatzeko matrikulatik kanpo geratu ziren, lekurik ez zegoelako. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak zein Haurreskolen Partzuergoak galdetu zuten ea badagoen aukerarik Musakolako eskola handitzeko".

0 urtetik 12 urtera arte

Behin Eusko Jaurlaritzaren asmo horiek gauzatuta, beraz, Musakolan honako hezkuntza eskaintza izango da: "Gaur egun eraikin batean daude Haur Hezkuntzako neska-mutikoak, hau da, 2-6 urte bitarteko eskaintza dago. Hain justu, ezkerreko eraikinean daude Haur Hezkuntzako ikasleak gehi jantokia", kontatu dute Hezkuntza Sailetik. "Lau urte barru, berriz, 0 urtetik hasi eta 12 urtera bitarteko eskaintza izango da", gaineratu dute. Hau da, 0-2 urteko umeendako Haurreskola zerbitzua izango litzateke; 2-6 urtekoendako Haur Hezkuntza eta 6tik 12 urtera bitartekoendako Lehen Hezkuntza ere ipiniko lukete, betiere, Jaurlaritzaren asmoek aurrera egiten badute. 

Gauzak horrela, eskaintza horrek erakarriko dituen neska-mutikoak sartzeko behar dute eraiki bigarren eraikina, justu egueneko osokoan erabakitakoari esker eraiki ahal izango dutena. "Bi eraikinen artean osatuko lukete Haurreskola, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza zerbitzuak", azaldu dute Udaletik.  

Haurreskola, irailean

Dena den Jaurlaritzaren asmoak gauzatu baino lehen gura du ipini Arrasateko Udalak Haurreskola zerbitzua Musakolako Herri Eskolan, "Datorren ikasturtean, 2009-2010an abiarazi gura dute, irailean. Hala dago adostuta Jaurlaritzarekin berarekin, baina falta da haien idatzizko baiezkoa", azaldu dute Udaleko Hezkuntza Sailetik, "baiezko ofiziala jaso bezain laster emango ditugu xehetasun guztiak". Horren harira, Udalak ere aurtengo aurrekontu proiektuan aurreikusi zuen partida bat 0,5 milioi eurokoa Musakolako Haurreskolarendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak