Musakola auzoko San Antolingo lehengo maisu-maistren eraikinaren titulartasuna eskatu du Eusko Jaurlaritzak. Euskadiko gobernuaren helburua da hiruzpalau urte barru eraikin hori bota eta 2012-2013rako berria egin. Besteak beste, eraikin berriaren bitartez, berregituratu egingo lukete Musakolan dagoen Herri Eskolaren eskaintza, eta tartean, Haurreskola zerbitzua gehituko lukete. Arrasateko Udalak ere egitasmo hori lantzen hasteko pausoa eman du 2009ko aurrekontuen proiektua onartu zuenean.
Bestelako gairen bat aipatzearren, mozio bat ere aztertuko du udalbatzarrak egueneko bilkuran; hain zuzen ere, Aberri Eguna badatorrela-eta, burujabetzaren aldeko mozioa aurkeztuko du Oihana Aranburu alkateordeak.
Eta ekonomia kontuak ere badituzte mahai gainean, tartean, 2009ko aurrekontuan kredituak aldatzeko espedientea onartzeko proposamena aztertuko dute.
Halakoak eta beste, esandako moduan, landuko ditu udalbatzarrak etzi, eguena. Osoko bilkurak izaera publikoa duenez, interesa duen edozein joan ahal da batzarrera; 19:00etan hasiko da.