MUk lider amaitu du lehenengo itzulia

Arantzazu Ezkibel Galdos 2007ko abe. 2a, 14:03

Kostatako garaipena lortu zuten zapatuan Ointxe elkarteko mutilek Fundacion Baskoniaren aurka. Gogor lan egin ondoren, liderrak zergatik diren erakutsi zuten arrasatearrek.

Aurrean ez zuten arerio samurra izan; TAU Ceramikaren behe mailako taldea, hain zuzen. Gainera, Baskoniarekin jokatu zuen Bergarako Ander Gartzia gazteak.   

Hasierako minutuak, zailak

Amaierako emaitza etxekoen aldekoa izan zen arren, lehenengo laurdenetako emaitzak gasteiztarren aldekoak izan ziren. Partiduko lehenengo saskiratzea Fundacion Baskoniak egin zuen; lehenengo minutuan, Gorospe kapitainak, hain zuzen ere.
Gero, baina, etxeko taldeak aurretik jartzea lortu zuen: Gorka Kintanak bi hiruko saskiratze jarraian egin zituen markagailua 6-2 jarriz. Jarraian, nahiko berdindua izan zen markagailua: 6-6, 8-8 eta 10-10. Baina, minutuak pasa ahala, etxeko taldea urduri jartzen hasi zen; hala, aukera hori aprobetxatu zuten gasteiztarrek markagailuan aurretik jartzeko. Zortzigarren minuturako, 12-17 aurreratu ziren Gasteiztarra; gero, Mallabiabarrenak jaurtiketa libreen bitartez, aldea murrizteko aukera izan zuen baina lautik hiru besterik ez zituen sartu eta azkenean, 17-25 Baskoniaren alde amaitu zen lehenengo laurdena.
Bigarren laurdenean, etxeko taldea markagailuan aurretik jarri zen baina amaierara, Gasteizeko taldea iritsi zen aurretik: 31-33.

MU, indarberrituta

Aldagelatik bueltan, etxeko taldea serioago ibili zen; hasierako urduritasunak alde batera utzi eta partidua irabazteko gai zirela sinistu zuten. Lan horretan, jokalari beteranoek berebiziko garrantzia izan zuten. Gamarrak, adibidez, ondo estali zizkion zuloak Gartzia bergararrari. "Jokalari beterano bat jarri diote Anderri gainean, eta, ondorioz, ezin izan du bere maila erakutsi. Gainera, lagunak eta senideak etorri dira partidua ikustera eta, behar baino urduriago ibili da", esan zuen amaieran David Urbina Baskonia taldeko kideak eta Gartziaren osabak.
Hirugarren laurdena amaitzeko bi minutu faltan, 49-48 aurretik ziren etxekoak; gero, epaileak teknika adiera zuen arrasatearren alde. Antxonek eta Alarciak bota zituzten jaurtiketak, eta azkeneko minutuan Jagobak lortutako hirukoarekin, 58-53 jarri ziren.
Azkeneko laurdenean, 61-60 urreratu ziren gasteiztarrak; baina, Mallabiabarrenaren jaurtiketa eraginkorrei esker, 68-62 jarri ziren etxekoak. Azkenean, jokoa kontrolatu eta bi puntuak eskuratu zituzten arrasatearrek.

Merino, taldearekin gustura

"Pozik nago, garaipena lortzeko taldeak lana gogor egin duelako", esan zuen. "Hasierako minutuetan, taldea triste ikusi dut eta aurrera egiteko gai ez ginela izango ematen zuen", gaineratu zuen Merino Arrasateko entrenatzaileak. "Garrantzitsua izan da garaipena, partidu bat galtzetik gentozelako", Merinoren hitzak.
Zapatukoarekin, MUk sailkapeneko lider amaitu du lehenengo itzulia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak