Egungo krisi egoeran zailtasunetako bat gaindituta, eta lehenengo taldeak maila galdu duelako itsutu barik, Ointxe!-ko zuzendari taldea erronka berriei aurre egiteko buru-belarri ibili da lanean. Eta, proiektu berri horrek bi izen propio ditu: Gorka Zurututza eta Josu Larreategi. Hala, Gorka Zurututza oñatiarra izango da aurrerantzean Ointxe!-ko kirol arloko zuzendaria, eta talde bat gidatzeko ardura izan barik, kluba zuzenduko du arlo teknikoan. Lan horretarako taldeko zuzendariek etxeko gizon baten alde egin dute, esperientziaduna eta entrenatzaile moduan goi mailako titulua duena.
Entrenatzaile berria
Azken urteotan talde nagusiko entrenatzaile lanetan ibili ostean, Javi Zurbanok kluba utzi eta atseden hartzea erabaki du. Eta Eskoriatzan bizi den Josu Larreategi arabarrak hartuko du lehenengo taldearen ardura.
Lehenago ere Arrasateko taldea Larreategiren atzetik ibili izan da, baina oraingoan proposamena onartzea erabaki du Baskoniaren lehen eta bigarren taldeetan urtetan lanean ibili den gizonak. Hala, Larreategik gertutik ezagutzen ditu Iriarte, Comas, Herb Brown, Lamas eta Dusko Ivanovic, eta haiekin guztiekin ikasitakoak praktikan jarriko ditu Arrasaten.