Mugikortasun Iraunkorraren astea ekintzaz gainezka dator

Asier Alkorta 2010ko ira. 14a, 15:56
Urtero bezala, irailaren 16tik 22ra bitartean Europa mailan egiten den Mugikortasun Iraunkorraren astea, Arrasaten ere ospatuko da . Baita Arrasateko Merkataritza berdearen astea ere irailaren 20tik 25era bitartean. Egun horietarako askotariko ekintzak antolatu dituzte.

Arrasaten askotariko ekintzak antolatu dituzte Mugikortasun Iraunkorraren astea dela eta. Esaterako, irailaren 16tik 22ra bitartean hiribusean doan ibiltzeko aukera izango da.
Bestalde, zapatuan hasi ziren bigarren eskuko bizikleta azokarako materiala batzen, eta gaur eta eguenean ere jasoko dute materiala. Bertara edozeinek eraman ditzake edozelako bizikleta, triziklo, patin, kasko edo gurpilak adibidez. Materiala Udal azokan batzen dute, salneurria jabeak jartzen dio eta saltzen ez den materiala berriz ere jabeari itzuliko diote. Eta egunotan jasotako bigarren eskuko bizikletak erosteko aukera berriz, zapatuan izango da Seber Altube plazan. 

Horrez gain, Biteri plazan seg way, trikke eta roller zirkuituak egongo dira zapatuan goiz eta arratsaldez. Eta emisio txikiko ibilgailuen erakusketa ere izango da Biterin. Domekan bizikleta bira egingo dute Arrasatetik Eskoriatzako plazaraino bidegorritik. Bira hori egin nahi duenak, Seber Altuben egon beharko du domekan 11:00etarako. Martitzenean bide hezkuntzako zirkuitua egongo da Laubide plazan arratsaldean. 

Eguaztenean, hilak 22an berriz, Seber Altuben mugikortasun eta irisgarritasun tailerrak egongo dira eta Ipar gazi-hego geza ikus-entzunezkoa proiektatuko da Kulturaten 19:00etan. Horrekin, familia giroan bidaiatzeko esperientzia bizitzeko aukera egongo da.

Arrasateko Merkataritza Berdearen astea

Horrez gain, Arrasateko Merkataritza Berdearen Astea ere ospatuko da hilaren 20tik 25era arte. Egun horietan, Ibai-Arteko bazkide diren saltokietan erosketak egiten dituztenen artean kontsumo baxuko 5.000 bonbilla banatuko dira.
Bestalde, Ehun-hondakinen erakusketa ere zabalik izango da arratsaldez, etzitik hilaren 23ra arte Kulturaten. Emausen eskutik ehun-hondakinen kudeaketaren, berrerabilpenaren eta birziklatze prozesuaren inguruko erakusketa da.

Hilaren 23an, eguenean, birziklapen tailerrak egingo dituzte Seber Altuben eta birziklatutako elementuekin zoologikoa sortu eta poltsak apainduko dituzte.
Arrasateko Aste Berdeari amaiera borobila emateko, kale ikuskizuna egingo dute hurrengo zapatuan, hilak 25ean, birziklatutako musika instrumentuekin herriko kaleetan zehar. Arrasaten askotariko ekintzekin ikasteko eta gozatzeko aukera egongo da beraz, hilaren 25era arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak