MU-k ez zuen garaipenean sinistu

Julen Iriondo 2009ko urriaren 19a

Mondragon Unibertsitateak 58 eta 68 galdu zuen zapatuan Iturripen Ardoiren aurka. Nortasun gutxi erakutsi zuten Zurbanoren mutilek, eta nafarrek gogotik ospatu zuten irabazi izana.

Javier Zurbano Arrasatekoen entrenatzaileak partidu amaieran adierazi zuenez, astea nola joan zen ikusita, etxeko teknikariek bazuten fedea Ardoiren aurkako partidua irabazteko. Ointxeko jokalariek, baina, oso hotz ekin zioten lehiari. Defentsan, ez ziren gai izan aurreneko minutuetan nafarrek egin zituzten trantsizio azkarrak geratzeko, eta jokaldi gehienak saskiratzeekin amaitu ziren. Kanpokoen jokalari berak, Janicesek, egin zituen euren aurreneko 13 puntuak, hiruko marratik erakustaldia eginda. Eta etxekoak oraindik estreinatzeke.
Xabi Anasagastiren eta Iker Barberoren jokaldi batzuekin, MU partiduan sartzeko gai izango zela zirudien, baina erasoan irabazitakoa defentsan galtzen zuten etxekoek aurreneko laurdenean.

Bigarren laurdena aurrenekoa moduan hasi zen, eta Ardoik orduan hartu zuen partiduko alde handiena, 15 puntukoa. Baina Xabi Anasagastik erantzu- kizuna hartu zuen orduan erasoan, eta defentsan ere txukunago jarri zen MU. Etxekoek hartu zuten jokoaren ekimena, ezustean harrapatu zuten Ardoi, eta 17 eta 1eko partzialarekin neurketa berdinduta iritsi zen atsedenera. Baikor ziren Zurbanorenak.
Hirugarren laurdenean MU-k estutu egin zuen defentsan. Ardoi ezinean ari zen. Xabi Anasagastik erasoan denak sartzen jarraitzen zuen, eta nafarrak etsipenean erortzen ari ziren. 41 eta 35  jarri zen aurretik etxeko taldea, baina zailena egin ostean, berriz ere partidutik joan zen. Laurdeneko azken hiru minutuetan 4 eta 14ko partzial bat jasota, berriz ere atzetik ziren moreak; eta okerrena, sentsazioak ez ziren onak azken laurdenari ekiteko.
Hala ere, aurreneko erasoan Mikel Anasagastik egindako hiruko bati esker, bazirudien lehiara itzuliko zela MU. Baina ez zen horrela izan. Defentsan huts egin zuten arrasatearrek, eta erasoan ez zuten jaurtitzeko lekurik topatzen. Honek eta behartu gabeko hainbat hutsegitek porrotera eraman zuten Zurbanoren taldea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak