'Mozorrotu edo hil!': Aratusteetako mehatxua gertuago

Jon Berezibar 2009ko otsailaren 4a

Santa Agedako makil hotsen oihartzuna joan ez eta dagoeneko Aratusteen danborrak joka dauzkagu. Mozorrorik ez daukanari gero eta egun gutxiago falta zaizkio eta gogorik ez duenari aitzakia gutxi geratuko zaizkio animoak berotzeko sarean zabaldutako dei misteriotsua ikusi eta gero. Udalaren kartel irabazlea ere aurkeztu dute: Jose Angel San Migel aretxabaletarrak egindako kolore urdindun kartela da. Hilaren 21erako geroago eta gutxiago falta da eta gainera asteon ipiniko dituzte bazkarirako sarrerak salgai. Oraindik dudan egonez gero, jarraian konbentzituko zaituen elkarrizketa.

Bazkarirako txartelak

Aratusteetako Komisiñuek iragarri du asteon ipiniko dituztela salgai Aratuste zapatuan Uarkapen izango den bazkarirako txartelak, 18 euroren truke. Arrasateko ohiko tabernetan izango dira salgai. 

Mozorrotu edo hil! horixe da Aratusteetako Komisiñuek aurtengo ediziorako aukeratu duen leloa; modu horretan gura dituzte herritarrak zirikatu, mozorroa jantzita kalera atera daitezen. Berritasun moduan, aurten bi txarangak jardungo dute eguerdiko kalejira girotzen. Eta bazkal osteko jokoak eta mozorro onenen sari banaketa Uarkapen bertan egingo dituzte, Herriko Plazan barik.

"Mozorrotzen ez bagara, hain jai alai eta koloretsua dena galdu egingo dugu"

Andoni Iñurritegi, Markel Altuna eta Jon Ugarte > Aratusteetako komisiñue
15-1

 

 

Zertan dira bereziak Aratusteak zuentzat ?

Norberak bere buruari ezartzen dizkion hesiak apurtzeko balio dute. Umekeriak egitera ohituta ez dagoen jendea umekeriak egiten ikustea polita da oso.

 

Zergatik hain lelo zuzena, mozorrotu ala hil!?

Aratusteetan mozorrotzen ez bagara hain alaia eta koloretsua den jaia hil egingo da. Beste esanahi bat ere badu leloak: egun horretan mozorrotzen ez denak "hilik" dagoela adierazten du.

Hein batean Aratusteek inplikazio kolektiboa eskatzen dute, herrian eta herriarekin ospatzeko eguna da-eta. Azken finean, baina, norberaren borondatearen araberakoa da. Azken urteetan Aratuste-jaia galtzen hasia zen Arrasaten, hainbat arrazoi zirela medio, eta jendeak mozorrotzeko ohitura galtzea zen arrazoietako bat. Horregatik erabaki zen orain hiru urte zapatuan ere Aratuste jaia egitea.

 

Hortaz, Aratusteak martitzenean izatea ez zen lagungarri. Zergatik?

Jende askok lan egin behar izaten du martitzen horretan eta oso gutxi izaten ziren mozorrotu eta kalera irteten zirenak. Pentsaezina da martitzen baten zapatuan egin daitezkeen ekintzak antolatzea.

 

Nola erantzun zuen herriak?

Azken hiru urteetan zapatuko jaian aspaldian egon ez den giroa  egon da Arrasaten. Haur, gazte zein helduak inplikatu ziren, goizeko kalejira ezin koloretsuagoa izan zen. Hala, herriaren erantzuna txalotu nahi dugu.

Iaz 700 pertsona bildu ziren Uarkapeko bazkarian, ea aurten kopuru bera batzen dugun...

 

Eta martitzenetan, zer?

Egia da zertxobait behera egin duela martitzeneko giroak, baina logikoa da zapatuan egoten den giroa ikusita. Aratusteetako komisiñuek zapatuko ekintzak bakarrik antolatzen ditu; hori da gure apustua. Hala ere, erabat babesten dugu martitzeneko jaia.

Ba al dago berritasunik aurtengo egitarauan?

Berritasuna da txaranga bat beharrean bi txaranga egongo direla goizeko kalejiran. Iaz txaranga bakarra txiki geratu zen, kalejira oso jendetsua izan zen-eta. Aurten zarata gehiago atera nahi dugu. Bestela, formatu bera mantenduko da: kalejirak, herri bazkaria Uarkapen, jolasak, sari banaketa eta berbena.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak