Mozioa adostu dute gaur iluntzerako

Ubane Madera 2008ko ots. 13a, 12:31
Arrasateko udalbatzarrak gaur iluntzean larrialdiko osoko bilkura egingo du. Puntu bakarra landuko dute: Eusko Abertzale Ekintza alderdiaren jarduera suspentsioa. Eta gai horren harira eta lehenago egin izan duten moduan, hainbat alderdiren artean adostutako mozioa aurkeztuko dute.

Berez, gaurko osoko bilkura berezian Eusko Abertzale Ekintzak mozio bat aurkezteko asmoa zuen, baina alderdien arteko negoziazioari esker, mozio berri bat aurkeztuko dute gaur iluntzean, hainbat alderdiren artean adostutakoa.

Puntu komunak

Ander Rodriguezek udal gobernu-kideak eta EB-Zutik koalizioko bozeramaileak azaldu duenez, Eusko Abertzale Ekintzak aurkeztutako mozioa oinarri moduan hartu eta EB-Zutik, Aralar eta EAk egindako ekarpenekin, berri bat adostu dute. Rodrigezek emandako azalpenen arabera, “ikusi dugu aproposa dela akordio anitz bat lortzea komunean ditugun puntuekin, gehiago dira-eta komunean ditugun puntuak ez ditugunak baino”.

Horrez gainera, Rodriguezek gaineratu du espero dutela Euzko Alderdi Jeltzaleak ere bat egingo duela mozio berri horrekin; edozelan ere, azken hori konfirmatu barik dago oraindik, gaur goizean emango du-eta erantzuna alderdi nazionalistak.

Mozioa, aurrera

Kontuak kontu, eta EAJrekin edo EAJ barik, lehen aipatutako gainerako alderdi politikoen boto kopuruari esker, aurrera egingo du mozio bateratu horrek (12 boto).

Mozio horretan, sei puntutan aditzera eman dute dute ilegalizazio prozesuen kontra daudela, “adierazpen, askatasun, batzartzeko edo herritarrek parte hartzeko duten eskubideen kontra eragiten dutelako zuzenean”.

“Alderdien legearen derogazioa” eskatu dute, euren ustez lege guztiz “antidemokratikoa” delako. Eta gaineratu dute Arrasateko Udalak ez duela onartzen “herriak aukeratutako ordezkariak legez kanpo geratzerik”. Hala, babesa erakusten diete Eusko Abertzale Ekintzako kideei. Bestalde, “proiektu politiko guztien bideragarritasuna” defendatu dute, independentziarena barne.

Kargu eta ardurak garantizatu

Horregatik guztiagatik, besteak beste, berretsi dute “Eusko Abertzale Ekintzaren izaera errespetatu” egingo dutela, eta alderdi horren eta haren zinegotzien kargu eta ardurak “garantizatu” egingo dituztela, tartean, Udalean normal jarduteko eskubidea. Eta hori gauzatzeko beharrezkoak diren tresna, laguntza ekonomiko eta bestelakoak ematen ahaleginduko direla.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak