Motorrero Egunak gasolina usaina eta giroa gehitu zituen

Iker Barandiaran 2009ko eka. 22a, 01:47
Pozik daude antolatzaileak Motorrero Egunak izan duen harrerarekin. Iaz lehenengo aldiz antolatu zuten, baina gauza txikiagoa izan zen; aurten, berriz, Udalarekin berba eginda, San Juanetako egitarauan ere sartu dute.

Gainera, uste baino motozale gehiago etorri ziren: 140 bat. Arrasatearrez eta ibarrekoez gain, Debatik, Bilbotik, Eibartik eta Bartzelonatik ere etorri ziren, euren choperrak, naquet-ak, rail-ak edo errepideko motorrak pasiatu eta erakustera.

Laubideko txosna eguerdian zabaldu zuten arren, 16:00etan hasi zuten moto txangoa. Arrasatetik Elorriora abiatu ziren, gero Elgetara eta Eibarrera. Handik Bergarara jo zuten, eta gero, Arrasate atzean utzita, geldialdia egin zuten Marisa jatetxean. Izena ematearen truke, pintxoa eta edatekoa zituzten han zain. Leintz Gatzagara jo zuten gero, eta berriro Arrasatera. 140 bat motor batera ikustea ez da ohikoena, eta bat baino gehiago zur eta lur gelditu zen ikuskizunarekin.

Errepikatzeko modukoa

Laubidera bueltatzerakoan, giro oso onean zeuden eta lasterketa bitxia egin zuten: geldoen lasterketa. Hala, tramu estu bat polikien egin zuena Arrasateko Urtzi Pereda izan zen.

Horren ostean, hainbat opari zozkatu zituzten; guztiak motorren zaletasunarekin lotutakoak eta herriko saltoki eta tabernek emandakoak: eguzkitako betaurrekoak, elastikoak eta beste.

Egunari bukaera emateko, doinu rockeroak izan ziren Arrasateko Bitter Honey eta La Txusma taldeekin.

Antolatzaileek esan ziguten Udalak laguntzen badie, datorren urtean ere antolatuko dutela. Eta Bartzelonatik bi Suzuki GSRen gainean 635 kilometro egin zituzten Fran, Esther eta Sergiok ere errepikatuko dutela esan digute. "Debagoieneko lagun batzuekin Montmelon egon ginen, eta haiek gonbidatu zituzten. Harrituta gelditu gara hemengo paraje eta giroarekin; asko gustatu zaigu inguru hau".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak