Motor hotsek eta rock doinuek bat egingo dute zapatuan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko eka. 16a, 20:25
Lehen Motorrero Eguna ospatuko da Arrasaten ekainaren 20an. Iaz Taupa tabernaren kanpoaldean egin zuten jaiaren jarraipena da, baina aurten jaialdia herrian sendotzea gura dute. Horregatik Udalaren eta hainbat denda eta tabernen laguntza jaso dute motor zaleek Laubide plazan egingo den jaialdirako.

Egitarau osatua prestatu dute herriko hainbat motor zalek zapatu honetarako. San Juanetako egitarauaren barruan antolatu duten ekitaldia da, eta hortaz, Udalarekin egin dute lan jaialdia antolatzeko. Herriko hainbat taberna eta dendarien babesa ere jaso dute motor zaleek.

Eneko Girado antolatzaileak aditzera eman duenez, "eguraldiak baldinntzatuko du parte-hartzea". Iaz sekulako euri jasa bota zuen egun berean eta orduan 75 motor zalek hartu zuten parte Taupa tabernaren kanpoaldean egindako jaialdian. Aurten eguraldi ona aurreikusten da, eta antolatzaileek 120 motor zale inguru hurbiltzea espero dute. Motorren hotsek, beraz, hartuko dute herria.

Rocka ez da faltako

14:00etan bost euroren truke eman beharko dute izena hurbiltzen diren motor zaleek. Bonuak motoz egingo duten bueltatxoan zehar egingo duten geldialdian pintxoa eta tragoa ordaintzeko balioko du. Gainera, 20:00etan egingo den zozketan parte hartzeko eskubidea izango dute.

Laubide plazara bueltatu eta gutxira (19:00) rock kontzertuak izango dira. Arrasateko Bitter Honey eta La Txusmak joko dute eta bi taldeen arteko atsedenaldian zozketa egingo dute. Askotariko opariak izango dira, horietako asko motorraren mundukoak.

Laubide plazan egokituko duten txosnan prezioa herrikoiak jarriko dituztela iragarri du Giradok. Kañak euro batean salduko dira, adibidez. Irabaziko duten diruarekin, diru dezente –esan dutenez 1000 eurotik gora– lortuz gero Aita Menni ospitalean dauden moto istripua pairatu duten motor zaleei laguntzeko erabiliko duela jakinarazi du arrasatearrak; ez balitz diru larregi aterako, datorren Motorrero Eguna antolatzeko erabiliko litzateke aipatu dirua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak