Lehenengo saria (12.888 euro) bi lagunek irabazi dute. Eduardo Alonso bilbotarrak jaso du saria, baina haren lagun arrasatearrak ez du erretratuan azaltzerik gura izan. Alonsok iaz jakin zuen Monteko porraren berri, eta orduan ere hortxe-hortxe ibili zen, puntu gutxi behar izan zituen saria eramateko. Aurten ostera, bete betean eman du: "Eta porra txarrarekin, gainera! Izan ere, porra hau sorpresa emateko egin nuen, eta beste porra bat zentzu handiagoarekin egin nuen, hau da, irabazteko aukera gehiago izango nituela pentsatuz. Baina, honek erakusten du zorteak ze garrantzia duen hemen", esan digu lehenago Santutxun, eta orain Derion lan egiten duen tabernariak.
Astarlozak emandako puntuak
Alonsok ederto ospatu zuen Astarlozak Alpeetan irabazi zuen etapa: "Puntu mordoa eman dizkit, baina Mont Ventoux-eko etapara arte ez da ezer erabaki, izan ere, azkeneko etapan ez zen sorpresarik izan, eta aurreikuspenak bete ziren. Bilbotarrak bazuen esperantza sailkapen orokorrean Astarlozak (Euskaltel) Cristophe Le Mevel (Francaise Des Jeux) aurreratuko zuela, baina horrek kale egin bazion ere, Roman Kreuzigerrek (Liquigas) bederatzigarren posturaino salto egin izanak eman zizkion garaipenaren puntuak.
Kale egin dutenen artean, berriz, Alonsoren ustetan Sastre eta Cadel Evans izan dira nabarmenenak, Tom Boonenekin batera: "Boonen leku guztietan erori da, gizarajoa".
Hain zuzen, Alonsoren lehengo tabernan behin baino gehiagotan gosaldu duen Javi Herrerok irabazi du bigarren saria (8.000 euro pasatxo), eta Arrasateko Jon eta Javi Balanzategik irabazi dute hirugarrena (4.000 euro pasatxo). Lehenengo hiru sailkatuekin batera, laugarrenetik hamargarrenera artekoek ere sariak izan dituzte, hain zuen, 800 euro pasa.
Inoiz baino gehiago
Monteko porrak, beste behin, errekorra hautsi duenez (1.074 apustu), banatu duten sari kopurua ere inoiz baino handiagoa izan da –30.000 euro–. Aipatzekoa, Xantini taldeak batzen duen diru guztia sarietan banatzen duela. Hurrengo hitzordua, Espainiako Itzulian.
Irabazleen zerrenda
1.- Lucas1
2.- Ballan2
3.- Activa1
4.- Txiplas3
5.- Kepatxi
6.- Les Freres Tembles
7.- Buka
8.- Guther
9.- Lance bajabik
10.- Inbentorie