Monteko porra irabazi du 'Martina Drullard' zerrendak

Edu Mendibil 2010eko uztailaren 29a

'Martina Drullard' izeneko zerrendak irabazi du Monte tabernako aurtengo Tourreko porra. 12.120 euroko saria jasoko dute. Sari banaketa bihar, egubakoitza, 19:00etan egingo dute.

Bigarren saria, 7.540 eurokoa, 'Igor del Real' zerrendarendako izango da eta hirugarrena 'Sergio Diaz' zerrendak eramango du. Horrez gain, sailkapeneko 4. tokitik 10.era bitarteko zerrendek 750 euro bana jasoko dituzte.

Aurtengo Tourreko porran 1.010 apustu jaso dituzte Monte tabernan. Euskal Herriko porrarik arrakastatsuena da, zalantzarik gabe, Arrasatekoa. Hurrengo porra Espainiako Itzulian egingo dute; apustuak abuztuaren 29ra arte jasoko dituzte Monte tabernan. 30 euro balio du apustu bakoitzak. Tourreko porra 1992an egin zuten lehen aldiz, Tourra Donostian hasi zen urtean hain justu.

Biharko sari banaketarako Iban Velasco txirrindulariari gonbidapena luzatu zioten antolatzaileek. Hala ere, txirrindulari arrasatearra ezin izango da bihar Arrasaten egon; Tourra amaitu ondoren, Donostiako Klasikan izango da Iban Velasco zapatuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak