Gola, entseatutako jokaldian
Hiru puntuak ezinbestekoak ziren Mondrarendako, eta 90 minutuetan egindako lana ikusita garaipena merezi zuten. Lehenengo minututik irten ziren hiru puntuen bila. Gol aukera garbiak sortu zituzten, baina ez zuten golik egin. Hortxe, beraz, zapatuan Mondrak izandako gabezia: atezainaren aurrean ez zuten asmatu.
Beriok arazoak zituen ezker hegaletik, eta Antiak lehen aldaketa egin zuen 15. minutuan. Donostiarrek zelai erdia indartu zuten aldaketarekin.
Mondrak bigarren zatia hasieratik bukaerara menderatu zuen. Joko ona eginez, 80. minutuan egin zuten gola entseatutako jokaldi batean: Laspiurrek area kanpoko falta jaurtiketa motzean eman zion Muruari, eta baloia gurutzatuz gola egin zuen. Beriok bi aukera izan zituen berdinketarako, baina epailearen erabakiak baldintzatu zuten emaitza.