Mondrako lehen taldea gertu dago datorren denboraldirako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko uzt. 26a, 21:18
Joan den uztailaren 22an aurkeztu zuen Mondrak lehen taldea. Datorren denboraldiko helburua ahalik eta azkarren maila mantentzea izango da. Andoni Azkargorta entrenatzaileak jakinarazi duenez, "partiduz partidu" joatea da asmoa.

Zuzendaritza aldaketarekin dator aurten Mondra. Aurreko zuzendaritza taldetik Patxi de Andresek bakarrik jarraituko du, klubeko presidente moduan. Azken denboraldia ez zen batere erraza izan zerrajeroendako; eta aurreko zuzendaritza taldearen erreleboa ez zen azken unera arte ziurtatu.
Lehen taldearen gidaritzan, baina, ez da aldaketarik izango: Andoni Azkargortak segituko du entrenatzaile lanetan. Taldea iazko denboraldiko akatsak ez errepikatzen saiatuko da. Horretarako postu espezifikoetarako jokalariak ekarri ditu Azkargortak. Izan ere, uste du iaz jokalari askok euren ohiko postuetatik kanpo jokatzeak modu negatiboan eragin ziola taldeari. Emaitzak, behintzat, ez ziren batere onak izan. Pasa den denboraldia txarra izan zen talde zuri morearendako, horretan ez dago zalantzarik. Izan ere, Azkargortak jakinarazi duenez, "azken bi jardunaldietara arte ez genuen maila mantentzea lortu". Denboraldi hasieran helburuak oso bestelakoak ziren –lehen postuetan egotea espero zuen Mondrak–, eta astindu gogorra izan zen taldearendako jaitsiera postuetatik gertu geratzea. Horregatik, Azkargortak dioenez, "hurrengo denboraldian partiduz partidu joango gara, hasierako helburua iazkoa baino umilagoa eta lasaiagoa izango da".

Andoni Azkargorta, mondrako entrenatzailea

"Iazko amaierako sendotasuna mantendu behar dugu atzealdean"

Zein talde da, zure ustez, faborito?
Hirugarren mailatik jaitsi diren Zarautz eta Ordizia, eta iaz bigarren geratu zen Hernani nabarmenduko nituzke. Gainera, Pasajesek asko indartu du taldea.

Eta Mondra, ondo indartu al da?
Bai. Aurten postu espezifikoetarako jokalariak ekarri ditugu; hegaletarako eta piboterako, batez ere.

Zertan hobetu beharko du taldeak?
Ia dena dugu hobetzeke. Hala ere, iaz urte amaieran erakutsi genuen atzealdeko sendotasuna mantendu beharra daukagu. Izan ere, erdialdetik aurrera oso jokalari onak ditugu.

Non egongo da taldearen indarra?
Datorren denboraldian atzean sendo ibili beharko gara.

Nola ibiliko da UDA?
Atzean iaz bezain sendo ibiltzen badira urte polita egingo dute; hala ere, Hirugarren maila oso gogorra da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak