Mondrak 2-4 galdu zuen bi 'gol fantasma' jasota

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko abe. 6a, 12:27
Etxeko taldeak Ondarroak baino meritu gehiago egin zuen partidua irabazteko, baina ohorezko erregionaleko liderra eraginkorragoa izan zen atearen aurrean. Mondrak 2-4 galdu zuen etxean; zaleak eta jokalariak ez ziren gustura geratu epaileak egindako lanarekin.

Etxekoak ohi baino atzerago kokatuta irten ziren zapatuan. Arrasatearrek bazekiten Aurrerak atzealdean zuloak uzten dituela; eta, hain zuzen, zulo horiek aprobetxatu gura zituen Azkargortaren taldeak kontraerasoan irten eta gola egiteko. Atzealdean sendo jokatu zuen Mondrak; aurrealdean, ostera, ez ziren eraginkorrak izan.

Etxekoen gola

Lehenengo zatiko gol aukera garbienak etxekoek egin zituzten Muruaren bitartez. Hala ere baloia ez zen sareetan sartu 40. minutura arte. Keixik sartu zuen gola. Baina pozak gutxi iraun zuen Mojategin; hurrengo minutuan, gol fantasma deiturikoa sartu zuen Aurrerak. Baloiak zutoina jo eta beherakoan marra gainditu zuelakoan ontzat eman zuen gola epaileak. Etxeko jokalariek onartu zuten baloia sareetan sartu zela.

Beste gol fantasma bat

Aurreraren bigarren gola ere fantasma deiturikoa izan zen. Baloiak jokalari baten gorputzean jo zuen; epailearen ustez jokalaria ate barruan zegoen. Etxeko jokalari eta zaleek gogor kritikatu zuten erabakia. Hirugarrena bi minutu geroago sartu zuten buruz ondarrutarrek. 

Lehia berdintzeko aukera

Muruak egin zuen etxekoen  bigarren gola, eta hirugarrena egiteko aukera garbia ere izan zuten Aurrerako atezainaren huts baten ondoren. Azkenean baina, Aurrerak sartu zuen gola kontraerasoan. Esan behar da etxeko taldeak meritu gehiago egin zuela partidua irabazteko baina Aurrera liderra eraginkorragoa izan zela zapatuan Mojategin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak