Partiduko 15. minutuan, etxekoen huts baten ondoren Anaitasunak partiduko lehenengo gola egiteko aukera izan zuen. Ander Ruiz de Azua atezainak baloi samur bat gaizki urrundu zuen, eta baloia aurrelariari utzi zion. Anaitasunako jokalaria atezainaren aurrean bakarrik geratu zen; baloia loratzen saiatu zen, baina ezin izan zuen Mondraren atea zulatu. Hurrengo jokaldian Jon Muruak izan zuen aukera, baina ezerezean geratu zen jokaldia.
Zelai erdian indarra falta
Lehenengo zatian ez zen beste aukerarik ikusi Mojategin. Esan behar da etxeko taldeak indar gutxirekin jokatu zuela, batez ere zelaiaren erdialdean motel ibili ziren Azkargortarenak.
Bigarren zatian zerbait indartu zen etxeko taldea. Baloiaren jabetza handiagoa izan zuten eta aukera garbirik izan ez arren, hainbat alditan iritsi ziren aurkariaren atera arrasatearrak.