Mondragon Unibertsitateak emaitza erosoa lortu zuen etxean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2007ko abe. 16a, 21:05
Bigarren itzulia ezin hobeto hasi dute Arrasateko mutilek; zapatuan, Donostiako Cafes Aitona taldearen aurka irabazi egin zuten, 94-80. Azken emaitza mardula bada ere, gogor borrokatu behar izan zuten etxekoek partidua irabazteko.

Lehenengo zatian kosta egin zitzaien etxeko mutilei partiduaren erritmoa hartzea. Lehenengo minutuetan ondo ibili ziren eta, defentsan eta taula azpian egindako lanari esker, lehenengo laurdenean 25-19 aurretik jarri ziren. Gero, erritmoa jaitsi egin zuten arrasatearrek, eta bigarren laurdenean 16-23ko partziala jaso zuten kontra. Modu horretan, etxekoak puntu bat atzetik joan ziren aldageletara (41-42). 
Aldagelatik bueltan, indarberrituta ekin zioten arrasatearrek lehiari. Bigarren minuturako 44-43 aurretik jarri ziren etxekoak. Gero, 14-6ko partziala egin zuten etxekoek eta hirugarren laurdena amaitzeko minutu eta erdi falta zenean, 58-49 aurretik jarri ziren etxekoak. Etxekoak errebotean oso ondo aritu ziren; Mallabiabarrena eta Biainek baloi asko errekuperatu zituzten. Gainera, Alartziak barneratze onak egin zituen zapatuan; hori dela eta, partiduko saskiratzaile onena izan zen Alartzia zapatuan.
Hirugarren laurdena amaitzeko 19 segundo falta zirenean, hutsartea egin zuten; ondoren, Cafes Aitonak hiruko saskiratzea sartu zuen eta markagailua 60-56 jarri zuen.

Defentsa gogorra egin zuten

Iñaki Merino entrenatzailea pozik zegoen: “Batez ere defentsan egin dugu lan ona”, azaldu zuen amaieran Merinok.
Azken laurdenari Mallabiabarrena, Biain, Hernandez, Zeziaga eta Gamarrak ekin zioten. Antxon Hernandezek egindako hirukoa eta Imanol Zeziagan barneratzeari esker, 67-61 jarri ziren etxekoak.Gero, poliki-poliki markagailuko tartea handitu egin zuten arrasatearrek. Partidu amaitzeko bost minutu falta zirela, hutsartea eskatu zuten etxekoek. Gero, minutu batean 8-0eko partziala egin zuten arrasatearrek eta 83-66 jarri ziren aurretik. “Beste batzuetan, bizkor ibili izan gara jaurtiketetan. Baina, gaur lasaiago jokatu dugu; hala, barneratzeak egiten ondo aritu gara”, gaineratu zuen amaieran Merinok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak