Mondragon Unibertsitatea azken unean irabazle

Irati Agirreazaldegi 2009ko api. 26a, 15:49
Zapatuan zeukan Mondragon Unibertsitatea saskibaloi taldeak mailari eusteko lehen proba gainditu beharra. Getxoko taldea izan zuen aurrez aurre eta hauek geratzen zitzaizkien partidu guztiak irabazi behar zituzten arren ez zuten garaipenik eskuratu Arrasaten. Justu-justu baina partiduaren amaieran MUkoak nagusi: 65-64

Bi taldeek ez zuten batere joko onik erakutsi kantxan eta partidu guztian barrena oso parean ibili ziren gipuzkoarrak eta bizkaitarrak.

Atsedenaldira berdinduta

Lehen eta bigarren laurdenetan atakean ez zuten asmatu etxekoek eta huts asko egin zituzten gainera. Defentsan ere, behar baino indar gutxiago egin zuten Arrasateko jokalariek. Getxokoek bazirudien erraz saskiratzen zutela, baina lehen laurdenean parean amaitu zuten 20-19 eta berdinduta iritsi ziren partiduaren erdira (33-33). Jokoa oso ona ez izan arren elkarri neurria hartuz jardun zuten saskiratzeei dagokienez.

Atsedenaldiaren ostean Arrasateko jokalariak ez ziren ondo hasi. Saiatu arren ez zuten saskiratzeetan asmatzen eta irabazi nahiak eta beharrak urduri ipini zituen. Zapatuko partiduan zaleek emandako animuak ez ziren nahikoak izan hirugarren laurdenean jokalariak indartzeko eta aurkariek, Getxokoek, aurrea hartu zuten nabarmen. Azken laurdena bederatzi puntu gutxiagorekin hasi zuten etxekoek eta ordura arteko jokoa ikusita ezinezkoa zirudien buelta ematea. 

Azken laurdena gogorra

Laugarren eta azken laurdenean ere Getxokoek egin zuten lehen saskiratzea MUkoei lanak zailduz. Aurkarien ordura arteko nagusitasunak gainditu eta abaildu ordez indarra eman zien etxekoei eta defentsan zein atakean jokoa zuzentzen hasi ziren. Zaleek ere turuta hotsez eta ohiuka animatu zituzten jokalariak eta benetan eskertu zuten laguntza. Hiruko bi saskiratze eta beste bi jokaldi txukunekin markagailuan gerturatu egin ziren eta partidua amaitzeko hiru minutu falta zirela 59-61 zen emaitza. Tartea hain txikia izateak jokoa gogortu zuen. Jaurtiketa libreetan huts egin zuten Getxokoek. Azken minutura 59-64ko emaitzarekin iritsi arren etxekoek saskiratze bat asmatu, kanpokoek tiro libreak huts egin, berriz ere hirukoa sartu MUkoek eta berdinduta zirela azken tiro libreak garaipena eman zion etxeko taldeari amaierarako lau segundu falta zirela.

Hortaz, azken laurden lehiatuaren ostean MU irabazle: 65-64.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak