Mikel Arregi:"Edonork ezin dezake saio bat egin eta gura duena esan; horien ahotsa izan gura dugu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010eko urriaren 4a

Eurek egindako saioak emititzen hasteko ordua iritsi dela dio Mikel Arregi (Arrasate, 1985) Itxungi irrati libreko kideak. Urtebete luze jo du irratia sortzeak, baina orain dena dago gertu. Astebete eskas barru 107.0 FM dialean aurkitu duzue Arrasateko irrati librearen ahotsa.

Itxungi irrati librearen oihartzuna aspaldi hasi ginen entzuten. Baina, noizko airean?

Duela astebete dela dago airean Itxungi irratia, 107.0 FM dialean. Momentuz, beste irrati libre batzuen emisioekin ari gara gure parrilla betetzen, baina espero dugu laster guk ekoiztutako saioak emititzen hastea, urriko bigarren astean edo. 

 

Zuen programazioaren aurrerapentxo bat egiterik bai?

Oraindik ez ditugu saioen izenak erabaki. Hori bai, martitzen gauetan magazina egongo da, baita kultur arloko hainbat saio ere. Zinema eta musika edota bertsogintzaren gaineko saioak egongo dira, esaterako. Sexualitatearen gaineko beste saio bat ere egingo dugu. 

 

Duela urtebete gutxienez izan genuen Itxungi irratiaren berri. Zergatik ez zarete oraindik zuen saioak emititzen hasi?

2009ko udaberrian hasi zen bidaia. Orduan ikusi genuen beharra zegoela irrati libre bat sortzeko herri mailan; lan asko egin zen: lokala egokitu zen –gaztetxearen eraikineko bigarren solairuan dago–, materiala erosi egin zen... Baina airera salto egiteko une horretan gelditu egin zen proiektua, koordinazio arazoak zirela edota ilusio faltagatik. 

Hala, proiektua bertan behera atzera bueltarik gabe geratzear zenean, lau lagun elkartu eta bultzada bat eman genion. Orain, emititzen hasteko moduan gaude. 

Arrasaten irrati libre baten beharra dagoela aipatu duzu. Noren ahotsa izan gura duzue?

Itxungi irratiko kideok ikusten dugu herritarren ahotsa entzuterako orduan komunikazio gabezia bat dagoela. Edonork ezin dezake saio bat egin eta bertan gura duena esan. Ez herri mailan, eta are gutxiago gure herritik kanpo. Horien ahotsa izan gura dugu, Herriaren eta herritarren ahotsa. 

Nola lortu duzue proiektua aurrera eramateko dirua?

Diru iturri nagusiak gaztetxean egin ditugun musika jaialdiak izan dira, iaz eta aurten egin ditugun Itxungi Rock jaialdiak, hain zuzen. Laguntza handia eman digu jaialdi horietan lortutako diruak, oso pozik gaude. Diru iturri izateaz gain kultur eskaintza moduan arrakastatsuak izan direla deritzogu.  Horrez gain, hasieran gure poltsikoetatik ere jarri genuen dirua. 

Orain, irratiaren etorkizuna bermatzeko eta dirua modu erregularrago batean lortzeko beste ekimen batzuk antolatzen ari gara.

Herritarrek egina, herritarrendako

Itxungi irrati librean parte hartu gura duenarendako ateak zabalik daude gaztetxeko bigarren solairuko egoitzan. Lantaldea domeka arratsaldetan biltzen da, gaztetxean. Hala ere, irratiko kideek argi utzi gura izan dute AGAKOtik kanpo dagoen ekimena dela Itxungi irratia. Datorren zapatuan, urriak 9, ate irekien jardunaldi antzeko bat egingo dute. Helburua izango da egoitza ikusi eta irratiaren oinarrizko nondik norakoak ezagutzera ematea. Hala, irrati batek nola funtzionatzen duen erakutsiko da. Eta noski, probatu ostean nahi duenari saio bat egiteko aukera emango zaio. Izan ere, herritarrek eginda eta herritarrendako da Itxungi irratia. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak