Mikel Aranaren gurasoek zapatu arratsaldean bertan, 16:30ak aldera, jaso zuten askapenaren berri pozgarria. Zapatuan eta atzo domeka Mikelekin telefonoz hitz egiteko aukera izan zuten. Mikel ondo dagoela esan digu Joxe Mari Arana haren aitak: "Bai, azterketa medikoa egin diote eta fisikoki zein psikologikoki ondo dago. Badirudi, 'ondo' tratatu dituztela, nahiz eta armatutako gizonek bahitu dituzten eta haien modu txarrak eta probokazioak jasan behar izan dituzten".
Eguenean Arrasaten egoteko itxaropenaz
Esan bezala, dagoeneko Scheychelleetara bidean dira Mikel Arana eta haien tripulazio-kideak. Atun-ontziaren jabe den Pevesa enpresak hango Mahe irlan dauka basea, eta 'Mendez Nuñez' fragatak babestuta hara iritsiko dira. Joxe Mari Aranaren hitzetan, "oraindik ez dugu konfirmaziorik, baina baliteke hegazkin militar batean ekartzea handik. Maiatzaren 1ean Mikelekin elkartzeko itxaropena daukagu".
Bermeoko 'Playa de Bakio' atun ontziko 26 tripulatzaileak (tartean bost euskaldun) itsaslapurren talde batek bahitu zituen. Hainbat iturriren arabera, 770.000 euro inguruko erreskatea ordaindu behar izan dute. Joxe Mari Aranak zera adierazi digu: "Guri bost axola. Bahituta egon diren momentutik biktimak ziren eta sufrimendu barik eta modu baketsuan askatzea baino ez genuen nahi". Une oro Jaurlaritza, Kanpo Harremanetarako Ministerioa eta Pevesa alboan izan dituztela gaineratu du.