Microsoftek Garaia Berrikuntza Gunean teknologia zentroa izateko hitzarmena sinatu dute

Txomin Madina Milikua 2008ko eka. 18a, 21:41
Teknologia txertatuen esparruan egongo da espezializatuta, eta babes publikoa duen erakunde pribatua izango da.

Bi urtez zentroaren ereduan eta lankidetza formularik egokienean lanean aritu eta gero, ETIC kooperatiba eratu dute. Garaia Berrikuntza Guneko Microsoften berrikuntza zentro gisa jardungo du, ez du irabazi asmorik eta zentro irekia izango da.

Embedded
sistemen edo sistema txertatuen esparruan  egingo du lana: sistema hauek produktu elektroniko batean integratutako sistema informatikoak dira, eta oso eremu ezberdinetan aplikazio asko ditu. Hauen adibide dira, besteak beste telefono mugikorrak edo etxetresna elektrikoak.

Sinadura ekitaldia

Gaur (asteazkena) egin duten sinadura ekitaldian egon dira Jose Mari Aldekoa Mondragon Taldeko presidentea, Rosa Maria Garcia Microsoft Españako presidentea eta laster Microsoft Europakoa izango dena, Natividad Herrasti zentroko zuzendaria, Jose Ramon Guridi Berrikuntza diputatua, Ana Agirre Industria sailburua eta Joseba Ruiz de Alegria GAIA Telekomunikazio Clusterreko ordezkaria.

Espainian eraiki diren beste Microsoft zentroak  ez bezala, babes publikoa duen erakunde pribatua da, eta kapital soziala hasieran milioi bat euro izango da. Hiru dira bazkide sustatzaileak: Mondragon Taldea milioi erdi eurorekin, Gipuzkoako Foru Aldundia 200000 eurorekin eta GAIA Telekomunikazioen Clusterra 100000 eurorekin. Mondragon Unibertsitatea, Ikerlan eta Deustuko Unibertsitatea bazkide laguntzaileak dira, eta Orona, Ingeteam, ZIV eta Fagor Etxeko Tresna Elektrikoak berriz bazkide erabiltzaileak. Etorkizunean, bazkide erabiltzaileen kopuruak gora egingo du, enpresa bezero gehiago sartuz.

Rosa Mari Garciak azaldu du teknologia zentro honen antzerako beste bi daudela: bata Italian eta bestea Alemanian, eta zentroen arteko elkarlana bultzatzea dela asmoa. Teknologia txertatuen esparruan Arrasateko zentroa erreferente bihurtzea gura dute.

Gaineratu du, gainerako Microsoft zentroak ireki izan dituztenean, beste hainbat enpresa erakarri izan dituztela, eta Garaia berrikuntza gunearekin ere antzerako gertatzea nahi dutela.

20 langile

Bost lan arlo ditu teknologia zentroak: sustapena, prestakuntza, aholkularitza, I+G+B proiektuak garatzea eta ziurtagiriak eta homologazioak. Natividad Herrasti da zentroaren zuzendaria, eta dagoeneko martxan dagoen arren, irailean irekiko dituzte Garaia Berrikuntza Guneko instalazioak. Hasiera batean, 20 langile inguruko izango ditu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak