Garaia Berrikuntza Guneko iturrien arabera, udarako martxan izango da Uribarrin Microsoft enpresako zentro espezializatua. Hain zuzen ere, duela aste batzuk Microsofteko Walter Poloni, Carlos de la Iglesia eta Santiago Lorente ordezkariak etorri ziren Arrasatera, Garaiako arduradunekin biltzera eta Berrikuntza Gunea bertatik bertara ezagutzera. Besteak beste, Ikerlan, MU eta MCCren esperientzien berri jaso zuten Arrasateko egonaldian. Garaian bertan egin zuten bilera, Microsoften zentro espezializatuaren kokaleku posiblea ere ezagutzeko. Andoni Gartzia Garaiako gerenteak adierazi bezala, "Microsoft Arrasatera etortzea oso pozgarria da bai Garaiarentzat eta bai Debagoienarentzat. Udarako Microsoft Arrasaten lanean egotea da asmoa. Uztaila eta iraila bitartean izango da hori. Ezin da datarik aurreratu oraingoz". Hasieran, 15 bat lagunek jardungo dute lanean Arrasateko zentroan. 1975ean sortua, informatika enpresa garrantzitsuenetako bat izatera iritsi da Microsoft. Izan ere, mundu zabalean erabiltzen diren software aplikazioen %50 beraiek egiten dute. Gaur egun, Espainiako estatuan bost berrikuntza gune ditu Microsoftek.