Metro erdiko lau proiektil aurkitu dituzte Obenerrekaren eraikinean

Goiatz Arana Begiristain 2009ko martxoaren 17a

Eraikineko bulegoetan lanean dihardutenek eman dute abisua, goizean; Ertzaintzara deitu dute, ganbaran material susmagarria zegoela esaten. Lau proiektil zeuden egurrezko kaxa batean sartuta. Abisua jasotakoan, ertzainek langileak kalera aterarazi dituzte eta eraikina sokaz inguratu dute. Hamaiketan, artezilariak iritsi dira gertakarien tokira. Ganbaran, kaxa barruan zeuden hiru proiektil zabaldu dituzte eta hirurak hutsik zeuden; laugarrena ezin izan dute ireki, baina hori ere hutsik egongo delakoan daude. Lehen azterketa hori eginda, artezilariek eurekin eraman dituzte lau proiektilak.

Duela urtebete ingurutik, susmoa hartuta

Gaur egun, Gipuzkoa etorbideko Obenerrekaren eraikinean –garai bateko Gelman– zazpi bat langilek dihardute lanean, bulegoetan.

Urtebete inguru da kaxa horretan egon zitekeenaren gaineko susmoa hartu zutela, baina orain arte ez diote garrantzirik eman. Joan den astean Arraten zer nolako leherketa izan zen ikusita, ordea, beldurtu eta Ertzaintzan abisua ematea erabaki zuten. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak