Lehentasuna Ibai-Arteko dendek izango dute eta gero gainontzeko dendek. Aurten ere plazak mugatuak dira eta lehentasun horien arabera banatuko dituzte postuak. Aitatu moduan, aurten, lehenengo aldiz dendarien elkarteak berak antolatuko du merkealdien azoka. Orain arte Udalak izan du horren ardura baina Eñaut Iraetak, Mankomunitateko merkataritza teknikariak azaldu moduan, "hasierako asmoa zen Udala hastea ekimenari bultzada ematen baina ondoren dendariek antola zezatela". Aurten, beraz, Ibai-Artek lekukoa hartuta, hilabete barru –otsailaren 21 eta 22an hain zuzen – egingo dute azoka.
Puntuak eta sariak
Herriko merkataritza sustatzeko planak baina ez dira horretan geratzen. Aurrera jarraitzen du bazkide txartelaren ekimenak eta aurki, gainera, egitasmoa, fase berri baten sartuko da. Izan ere, Arantxa Arantzabal, Ibai-Arteko egungo lehendakariak azaltzen du laster bezero asko 200 puntu pilatzera helduko dela eta haiei %10eko deskontu txekea emango diete. Gabonetako kanpainaren osteko sustapenen bigarren fasea izango da hori. Txartelari dagokionez, oraindik ere egin daiteke eskaera horretarako elkartekoak diren dendetan aurki daitezkeen eskaera-orriak hartu eta bete besterik ez dago.
Aldizkaria eta webgunea
Sustapenak ez dira hor bukatuko, ordea, aurki puntuekin lor daitezken oparien katalogoa kaleratuko dute-eta. Dendari elkartearen aldizkari dagokionez, hurrengo alea apirilean aterako dute, hiru hilean behinekoa, baina argitalpenak sareko jarraipena ere izango du aurki webgunea kaleratzekotan dira-eta.