Merkealdien azoka egingo dute aurten, bigarren aldiz

Ubane Madera 2008ko urtarrilaren 28a

Martxoaren 1a eta 2a, zapatua eta domeka; data horiexek aukeratu dituzte Merkemerkaua 08 izeneko egitasmoa gauzatzeko.

23 stand prestatuko dituzte herriko edo inguruko dendariek eskaintza bereziak ipin ditzaten, merkealdien azokan. Uarkapen egin dute hitzordua. Aipatutako bi egun horietan, egun osoan izango dute zabalik Merkemerkaua, 10:30ean hasi eta 21:00ak arte. Hala esan du ekimenaren antolaketan diharduen Marga Garmendia udal teknikariak.


Merkealdi azoka horretan parte hartu gura duten dendarien artean, "lehentasuna Arrasatekoek" izango dutela jakinarazi du teknikariak. Eta herriko dendariekin 23 postuak beteko ez balira, inguruko dendariei emango dietela aukera. Esaterako, iaz, Arrasateko 16 saltokik eta Bergara eta Aretxabaletako beste 7 saltokik parte hartu zuten.

Udal teknikariak kontatu du iaz Mondragoeko denda batzuk kanpoan geratu zirela euren eskabidea ez zutelako epe barruan aurkeztu. Horren harira, gaineratu du laster zabalduko dutela aurtengo azokarako izenemate epea, baina "merkatariei zuzenean emango dietela jakitera". Merkatariei dagokienez, 350na euro ordaindu beharko dituzte stand-a erabiltzeagatik. 

Iaz jende asko erakarri zuen merkealdien azoka horrek Uarkapera: "Espero baino jende gehiago, Marga Garmendiaren esanetan. Kontatu du momentu batzuetan beldurgarri eta guzti egon zela eta adibidez, zapatu goiza zoramena izan zela.

Produktuei dagokienez, berriz, Garmendiak dio gehienak jantziak eta zapatak izan zirela iaz eta aurtengoari begira, ondo legokela kirol dendaren bat etortzea, edo altzari txikien denda bat, dekorazioarekin lotutakoa… Zenbat eta aniztasun handiagoa izan, hobe dela pentsatzen du hark.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak