Gogo biziz eta kontzentratuta atera zen Mondra; bosgarren minuturako sei korner izan zituen alde. Arriskua ordiziarren ate inguruan izan zen uneoro, eta 20. minutuan Gari Nuñezek zulatu zuen etxekoen atea. Iker Lopezen sakoneko pase bikaina aprobetxatu zuen jokalari legazpiarrak 0 eta 1koa jartzeko. Gola sartu ostean apur bat erlaxatu egin ziren zerrajeroak baina Ordiziak ez zuen larregi estutu.
0 eta 2koa gertuago berdinketa baino
Bigarren zatian ere behar den moduan irten ziren Azkargortaren mutilak. 0 eta 2koa gertuago izan zen berdinketa baino; Iker Laspiurrek, adibidez, aukera garbia izan zuen atezainaren aurrean bakarrik geratu ostean. Markagailuan aldea minimoa zenez, azken minutuetan tentsio izan zen nagusi, baina Ordiziak ez zuen lehia berdintzeko meriturik egin.
Datorren astean Zarautz etorriko da Mojategira; Hirugarren Mailara igotzeko borrokan dabilen taldea. Lehen itzulian, baina, Mondra nagusitu zen euren etxean eta zerrajeroak orduko lorpena errepikatzen saiatuko dira.