Mekanikalan ixtekotan dabiltza

Ubane Madera 2010ko urt. 21a, 13:18
Mekanikalan enpresak Erregulazio Espediente berria aurkeztu du; oraingo honetan, baina, langile guztien kontratuak suntsitzeko proposamenarekin. Epailearen esku dago kontua, eta uste dute otsailean edo martxoan jakinaraziko duela enpresarekin zer gertatuko den. Beraz, oso kolokan dago une honetan Mekanikalaneko 42 langileen etorkizuna; horietatik erdiak, gainera, Arrasate, Aramaio edo ingurukoak dira.

Egoera horren aurrean, hainbat langile mobilizaziotan hasi dira, CCOO sindikatuaren eskutik. Atzo Gasteizen izan ziren, eta bihar (egubakoitza) Arrasaten egin dute hitzordua, 11:00etan, Maiatzaren Bata plazan. 

45 egun urteko

Enpresaren itxiera posiblearen aurrean, CCOO sindikatuak kalte-ordainik handiena eskatu du langileendako: lan egin duten urte bakoitzeko 45 egunekoa. Eta salatu du “enpresak eskaintzen” duela “25 egunekoa”. Gaineratu du Mekanikalaneko langileei ez dietela eskaini aurre-erretiro edo bajak hartzeko aukerarik. Eta langile batzuk hainbat hilabetetako soldatak kobratzeke dituztela.

Zor horien aurrean eta enpresariak likidezia falta argudiatzen duela ikusita, sindikatuak dio Mekanikalan enpresako ugazabak beste enpresa bi ere badituela, eta beraz, enpresa talde osoaren egoera ekonomikoa aztertu beharko lukeela epaileak kalte-ordainen zenbatekoa erabakitzeko orduan.

"Porrot ekonomikoan"

Mekanikalaneko ugazabak, berriz, Arrasate Irratiari azaldutakoaren arabera, erabateko “porrot ekonomikoan” dago, “edozein lekutan demostra daiteke hori eta 36 urtean pilatutako guztia inbertitu eta inbertitu” besterik ez duela egin dio. “Kontzientzia trankil” duela ere gaineratu du.

Gogora ekarri gura izan du azarora arte izan duten erregulazio espedientera artekoa kobratu egin dutela langileek, eta “gezurra” dela hainbat komunikabidetan salatu dutena: zortzi hilabete kobratu barik daudela. Eta jakinarazi du, baita ere, enpresak ondo funtzionatu izan duen artean, Mekanikalaneko langileen “soldatak oso altuak” izan direla, eta askotan, enpresa barik, “gobernuz kanpoko erakundea” zirudiela.

Epailearen esku

Etorkizunari buruz, berriz, adierazi du Mekanikalanen etorkizuna epailearen esku dagoela orain. Eta orain arteko erabakiak ere, legeak EREak iraun bitartean ipinitako administratzaileak hartutakoak izan direla, enpresaren egoera kaskarra ikusita. Horrez gainera, azpimarratu du berak ezin duela enpresaren ondaretik “ezer ere ukitu” epaileak erabaki arte zer egin; bestela esanda, ezin duela pabiloi edo bestelako makineriarik saldu.  

Mekanikalan Mondragon enpresak 42 langile inguruko lantaldea dauka. 1973an sortu zuten, Arrasaten, Mecanizados Alberdi izenarekin. 1984an, berriz, Legutiora eraman zuten, gaur egungo tokira. Izenak esaten duen moduan, mekanizatuak egin eta piezak muntatzen dituzte. 1999, 2000 eta 2002. urteetan ISO kalitate ziurtagiriak eskuratu zituen. Badirudi, baina, ibilbidearen amaierara iritsiko dela 2010ean.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak