Mediterraneoko epeltasuna ekarri zuen Bonetek gurera

Txomin Madina Milikua 2009ko urr. 25a, 22:44
Terra Secreta bere azken diskoa aurkeztu zuen Maria del Mar Bonetek Arrasaten eta entzuleak poltsikoratu zituen erakutsitako xumetasun eta gertukotasunarekin.

Topiko bat izan daiteke Maria del Mar Boneti buruz hitz egiteko, Mediterraneoa aipatzea.  Atzoko kontzertuan, topikoa bete egin zen... Eta eskerrak, hango baretasuna eta goxotasuna ekarri zituen-eta, behar denean bizitasunarekin uztartuta.

Presentzia soilarekin, nahikoa

Ohiko bere bost musikariekin aritu zen Bonet agertokian: beltzez, adornurik gabe, 40 urteko ibilbidean bildutako jakituria entzuleak bereganatzeko nahikoa dela erakutsiz. Argiztapena sinplea  izan zen, sinplea, baina eraginkorra oso: erabilitako koloreek abesti bakoitzari zegokion giroa eman zioten-eta.

Bere azken lanari izena ematen dion kantuarekin hasi zuen emanaldia, Robert Gravesen Terra Secreta olerkian oinarritutako kantuarekin, hain zuzen ere. Eta, apurka-apurka, hamabost abesti  entzun ahal izan genituen, gehienak Boneten lagun-min edo pertsona mirestuen kanta eta olerkietan sustraituta.

Landareen izenez osatutako Josep Maria Llomparten Camí Florit, Joan Manuel Serraten Canço de l'amor petit doinu erromantikoa edo gerraren aurka Jordi Guardans letragileak idatzitako Un exércit bezalakoak abestuz, Bonetek erakutsi zuen urteak pasa arren, bere ahotsak ñabarduraz beteta jarraitzen duela; behar denean gogor, behar denean goxo. Salonica eta Desde Mallorca al'Alguer piezekin argi utzi zuen nondik datorren, eta bluesarekin ere ausartu zen Blues en sol kantan. Eskertzekoa da,  gainera, abesti bakoitza hasi aurretik, letren nondik norakoei buruz azalpenak eman izana.

Baita euskaraz ere

Bere jatorrizko hizkuntzan ez ezik, euskaraz ere aritu zen Mallorcakoa: Lili eder bat badut nik abesti herrikoia ederki asko abestu zuen, bati baino gehiagori oilo-ipurdia jarriz. Lau sokako gitarra joaz, Jota Marinera abesti alaiarekin borobildu zuen gaua Nova canço-ren dama handiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak