Martxoaren 8ko ekitaldi gehienak zapatuan izango dira aurten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko mar. 4a, 20:47
Astelehenean ospatuko da Emakumeen Nazioarteko Eguna, Martxoaren 8a. Arrasaten badira urte batzuk aldarrikapen egun berezi horren inguruan hainbat ekitaldi antolatzen direla. Eta aurtengoa ez da salbuespena. Ekitaldi gehienak bihar izango dira, eta Udaleko Berdintasun Sailak kirol eta kultura arloekin batera antolatu ditu. Hala, 'Takarraran' lasterketak bigarren edizioa biziko du eta kontzertu, antzerki eta erakusketarik ez da faltako.

Ekitaldi bat egin da honezkero: Emakumeak eta bertsolaritza izenburu, mahai-inguru interesgarria gidatu zuten Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariek. Oihana Aranburu Udaleko Berdintasun Saileko arduradunak jakinarazi duenez, 80 pertsona inguru bildu ziren Kulturaten.

"Prest gaude aldaketarako"
Berdintasun Sailak prest gaude aukeratu du lelo aurten: "Prest gaude etorkizunerako, prest gaude aldaketarako; lelo hori aukeratu dugu, jendea motibatzeko". Aurreko urteetan irekia zen leloa; hala ere, aurten 52 kartel jaso dira eta Udala pozik dago horregatik. 
Berdintasun Sailak Martxoak 8ko ekitaldiak beste sail batzuekin komunean antolatzeko apustua berretsi du, kirol eta kultura arloak, kasu.

'Takarraran'-ek, 2.800 metro
Kirol ekitaldi aipagarriena Takarraran II. emakumeen lasterketa izango da, 12:30ean. Aranburuk honakoa aurreratu du: "Ez da oso gogorra izango, ezta sinbolikoa bakarrik  ere, parte-hartzaileei esfortzu bat suposatuko die". Izan ere, 2.800 metro izango ditu ibilbideak, eta Portaloian hasi eta bukatuko da. Egunean bertan eman ahalko da izena. Gainera, SUDC elkartekoek salda banatuko dute lasterketa amaitu ondoren, Biteri plazan. Iragarpenen arabera, lasterkariek ez dute eguraldia lagun izango baina ziur merezi izango duela. Bestalde, aurtengo berritasun nagusia da 13:00etan Biteri plazan egiten hasiko diren murala, Mundu Martxaren aldekoa.
Bestalde, honezkero ohitura bihurtu den emakumeen azokak ez du hutsik egingo. 45 saltoki inguru izango dira Seberon eta denetarik egongo da salgai. 10:00etatik aurrera, Seberon. 

Martxoaren 8ko egitaraua

6, zapatua
10:00etatik aurrera: Emakumeen Azoka, Sebero Altuben.
12:30: Takarraran II. Emakumeen lasterketa.  
13:00: Emakumeen Mundu Martxaren aldeko murala, Biterin.
20:00: Anariren kontzertua Amaia antzokian

8, astelehena
18:00 Ellas bailan solas kale antzerkia Seberon.
19:00 Manifestazioa, Seberotik hasita.

14, domeka
19:30 El Club de las mujeres invisibles antzezlana, Amaia antzokian.

17, eguaztena
19:00 Fatma Galia, idazle eta kazetari saharauiarraren liburuaren aurkezpena eta Saharako emakumeen egoeraren inguruko solasaldia: Nada es eterno, Kulturateko areto nagusian.

9tik 26ra bitartean
Martxoaren 8ko kartelen erakusketa, Emakume Txokoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak