AED beste ekimen sortzaile bat abiarazteko asmoz dabil. Oraingoan interpretazio mundura hurbildu gura ditu arrasatearrak, eta antzerki tailerra antolatu du apirilaren 16tik ekainaren 18ra. Ez da lehen aldia, baina aspaldi ez duela AEDk halakorik antolatu.
Hastapen ikastaroa izango da, eta printzipioz bi hilabete iraungo ditu. Hala ere, antolatzaileek espero dute ekimenak fruituak ematea, eta ekainetik aurrera jarraikortasuna izatea gura dute. Izan ere, helburua da antzerki talde bat edo egun berezietan girotze lanak egiteko gertu egongo litzatekeen talde bat sortzea. Hori, noski, taldearen esku dago. Barruan daraman aktorea atera gura duenak martxoaren 31ra arte eman ahalko du izena, AEDren bulegoan –Pablo Uranga kalea, 6– edo 943 77 12 28 telefonoan. AEDko bazkideak direnak edota Topakide txartela dutenek 45 euro ordaindu beharko dute; besteek, berriz, 50 euro.
Primerako irakaslea
Antzerkigintzaren sekretuak ezagutzeko luxuzko irakaslea izango dute izena ematen dutenek, Kukubiltxo antzerki taldean hamaika urte daramatzan Iurgi Etxebarria izango da-eta irakaslea. Taldeko kide kopurua mugatua izango da –10-15 lagun–, irakasleak hala eskatuta.
Ordutegiari dagokionez, AEDk ordu bi planteatzen ditu astero, egubakoitz arratsaldeetan. Hala ere, Itxaro Artola AEDko dinamizatzaileak jakinarazi du ordutegia taldeak eskatzen duen araberakoa izango dela: "Aukera dago, adibidez, zapatu goizetan egiteko". Azkenik, 18 urtetik gorako edonori begira antolatu dute, Artolak dioenez, "gazte sentitzen den edonorendako".