Martxoaren 2an itxiko ditu ateak Abaroako tabernak

Ubane Madera 2009ko ots. 2a, 13:46

Abaroaren goiko partean dagoen Iturbide egoitza berritzen dabiltza azken urteotan, eta haren obrak dagoeneko Abaroa erretiratuen etxeko tabernaraino iritsi dira; horrexegatik itxi egin beharko dute taberna hori. Martxoaren 1a, hauteskunde eguna izango du azkena, behin betirako, gainera. Hori bai, Abaroaren gainerako instalazioak ez dituzte itxiko, Abaroa berria egin arte.

Iñigo Garitanok, Gizarte Ongizateko teknikari-buruak jakinarazitakoaren arabera, instalazio horiek ez dituzte “ukituko” eta Abaroa berria eraiki arte erabili ahal izango dituzte. 

Horren harira, Jose Rivierek, Abaroako ordezkariak jakinarazi du gune horretako bi bulego eta zinema aretoa egokitu egingo dituztela, mahai eta jarlekuak ipini, eskulanak egin eta bestelako ekimenetarako. "Edari hotz eta beroak dituen makinak ekartzeko ahaleginak ere egiten bagabiltza", aditzera eman du Rivierek. 

Abaroa berria

Abaroa berriari dagokionez, Udalaren aurreikuspenen arabera, 2010eko bukaerarako amaituta izan beharko dituzte erretiratuen etxe berriaren obrak. Etxaluze baserria egon zeneko orubean dabiltza obrak egiten. Proiektu berritzailea da, gainera, Udala lantzen dabilena. Energia berriztagarriak aprobetxatzen dituen eraikina eraikitzen dabiltza-eta. Horrez gainera, diseinu ikusgarria ere badauka.

Sotoa, beheko solairua eta beste bi izango ditu eraikin berriak. Zerbitzuei dagokienez, sotoan biltegi, galdara eta halakoetarako gunea egokituko dute. Beheko solairuan, berriz, taberna, sukaldea, billar mahaia, podologoa eta ile-apaintzailea izango dira, besteak beste. Lehenengoan, hiru batzar gela, bi bulego eta bideo eta informatika gela bana, besteak beste. Eta bukatzeko, azkeneko solairuan bulego gehiago izango dira. Izan ere, zaharren egoitza izateaz gainera, Abaroa berrian egokituko dute, baita ere, San Andresko auzo alkatetza.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak