Markus Schwarzek irabazi du Euskadiko Squash Txapelketa Absolutua

Goiatz Arana Begiristain 2009ko azaroaren 1a

Txapelketa Musakolako kiroldegian izan da, bariku eta zapatuan. 58 lagunek parte hartu dute eta 60 partidutik gora jokatu dituzte, orotara. Euskadiko squash jokalari onenak lehiatu dira eta, senior mailan, Markus Schwarzek jantzi du txapela.

Alemaniako selekzioan ibilitako jokalariak 3-0 menderatu zuen Alberto Ferreiro, finalean. Eibartarrak finalaurreko gogorra jokatu zuen eta nekatuta ailegatu zen finalera. Hala ere, eta emaitzak bestela pentsarazten duen arren, Schwarzek duen guztia eman behar izan zuen garaipena erdiesteko; gogorra izan zen azken partidua: "Hasieran, lortu dut Ferreirori atzean eutsi eta aurrean eraso egitea, baina ez da batere erraza izan. Erritmo biziko partidua izan da", azaldu zigun Schwarzek.

19 eta 15 urtez azpikoak 

Senior mailan ez ezik, beste bi kategoriatan ere jokatu zen txapelketa. 19 urtez azpikoetan, Arrasatekoak ziren jokalari denak eta maila bertsuko jokoa egin zuten guztiek. Igor Hernandez izan zen txapelduna; eta Igor Elorza, azpi-txapelduna. 15 urtez azpikoetan, Ander Okina (AKE) eta Eibarko Samuel Trigo ailegatu ziren finalera. Partidu parekatua izan zen, eta Okina nagusitu zen, azkenean. 

Indarra hartzen

Squasha ez da oraindik ere oso kirol ezaguna, apurka-apurka indarra hartzen ari den arren. Asteburu honetan bertan, zale talde bat batu da Musakolan, baina jendetzarik ez. Giro ona dagoela agerian geratu da, hori bai, eta, zentzu horretan, pozik agertu da AKE Squasheko Iñaki Uribeetxeberria. Eta horrekin batera, bazuen gustura egoteko beste arrazoirik: "Arrasateko Udalak bi kantxa berritu ditu eta, horri esker, jokatzeko baldintzak lehen baino hobeak dira orain. Jokalariek eskertu dute", esan zigun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak