Olandixoko tunelaren edo mendebaldeko saihesbidearen obren eraginez, Aramaio ibaiaren desbideraketa egin behar dute. Eta ibai hura zeharkatzen duen antzinako zubia, gaur egun Mendiazpi baserriaren ondoan dagoena, birkokatzea erabaki zuen Arrasateko Udalak, zubiak balio historikoa daukalako.
Hain zuzen ere, Udalak erabaki zuen Markuleteko zubi hori Aramaio ibaiaren trazaduran ezingo balitz birkokatu, herriko beste tokiren batera eraman beharko litzatekeela eta Garaia Berrikuntza Gunea proposatu zuen lekurik egokiena moduan.
Zubia lekuz aldatzea Olandixoko obrak egiten dabilenari dagokio, Gipuzkoako Diputazioari, alegia. Bada, atzoko gobernu batzarrean jakinarazi zuten Olandixoko Obren Zuzendaritzak proposatu duela zubia bere osotasunean hartuta eramango dutela kokapen berrira, Garaiara; hau da, zubia desmuntatu barik eramango dute, enkofratuta. Gero, Garaian non ipiniko duten oraindik guztiz zehazteke dago, baina litekeena da Garaiaren berdegunetxoan kokatzea.
Mendiazpi zubiak 300-400 bat urte ditu. Balio historikoa dauka, bestelakoen artean, Elorriotik ekarri zituzten-eta, zubi hori eraikitzeko harriak, burdietan.
Duda barik, ikusgarria izango da benetan ikustea zela aldatzen duten lekuz zubi hori, osotasunean hartuta. Noiz egingo duten ez dute zehaztu oraindik, baina egiten dutenean jakinaraziko dizuegu.