Markarik ez zen lortu, baina atleten maila bikaina nabarmen geratu zen

Maider Arregi 2009ko eka. 21a, 15:53
Gipuzkoako atleta asko Espainiako probetara joan ziren zapatuan eta horregatik hutsune asko izan zen Mojategin. Hala ere, azpimarratzekoa da Jose Ramon de la Torre atletak 22,16 segundoko denbora egin zuela 200 metroko lasterketa proban.

Ez zen markarik egitea lortu, baina, Mojategin parte hartu zuten atletek maila bikainean daudela erakutsi zuten. Fernando Zufiria, entrenatzaile eta antolatzaileak, balorazio oso positiboa egin zuen. "Organizazioa oso ona izan da. Gainera, Santanderretik, Irunetik, Tolosatik eta Donostiatik etorri dira kirolariak Mojategira".

Hala ere, espero baino atleta gutxiago gerturatu zirela Mojategira adierazi zuen Txufik. "Parte-hartzea nahiko eskasa izan da. Izan ere, data oso txarra izan da. Espainia mailako txapelketak ospatu dira aste bukaeran eta Arrasateko eta Gipuzkoako atleta asko joan da bertara".

Mojategiko Challenge proban, Jose Ramon de la Torrek egindako marka azpimarratu behar da. Izan ere, 22,16 segundoko denbora egin zuen 200 metroko senior proban. Gipuzkoa eta Euskal Herri mailan elite mailako kirolaria da de la Torre, eskarmentuduna. Arrasaten ere,  maila bikaina dagoela garbi geratu zen zapatuan. Izan ere, zapatu goizean Euskadiko kadete txapelketan Malen Ruiz de Azuak urrezko domina eskuratu zuen.  3 metroko jauzia egitea lortu zuen 14 urteko gazteak. Hurrengo proba, Euskadiko absoluta, Durangon izango du Ruiz de Azuak. Izar Gorroñogoitiak, berriz, 3,23 metroko marka egitea lortu zuen jauzi hirukoitzean. Oihane Urtzelaik Mojategin bere marka onena egin ez zuen arren, 5,20 metrotan ezarrita dagoen Espainiako markara iristeko gogor dihardu lanean. Izan ere, 5,19 metroan dauka bere marka arrasatear gazteak.

Bestalde aipatu, proba guztiak ezin izan zirela egin. Hala, pertika eta 800 metroko lasterketa probak bertan behera geratu ziren atletak Espainiako txapelketan zeudelako. Jokatutako txapelketei dagokienez, pisu jaurtiketaz, eta luzera eta altuera jauziaz gozatzeko aukera izan zen. Lasterketa probetan, berriz, 200 metro eta 400 metro hesien lasterketak egin zituzten Mojategin.

Lortutako emaitzak

Markarik eskuratu ez bada ere, 200 metroko lasterketan denbora ona egin dute atletek. Gizonezkoetan, Remigio Diosdado Arrasate-Kanpanzar taldekoak 23,65 segundoko denbora egin du. Emakumezkoen finalean, berriz,  Marina Elosegi Bidasoa Atletico taldekoak, 27,40 segundoko denbora egin du. Aipagarria ere, pisu jaurtiketan Amaia Dublang-ek egindako marka 13,43 metrokoa, alegia.  Gizonezkoetan, Juan Jose Mendizabalek 10,12 metroko jaurtiketa egin zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak