Maritxu Kajoiren hasierako oihartzunak egubakoitzean, Nobenaixuen

Ubane Madera 2009ko irailaren 24a

Maritxu Kajoi festaren ataria da egubakoitza, irailak 25: Nobenaixue. 18:30ean egin dute hitzordua, Maritxu Kajoipean. Lapueblako (Arabako Errioxa) ardoa eta Olaetako (Aramaio) gazta ekarri dituzte Maritxu Kajoi Komisiñokuek "txikiteroen zaindariaren bederatziurrenari behar bezalako hasiera" emateko.

20:00etan, berriz, banatuko dituzte 2009ko "inbutu preziatuak", Oktubre Taldeari eta Debagoieneko Fusilatuen Elkarteari (Lau Haizetara Gogoan), "egin duten lan handia aitortu eta eskertzeko; egindako lana fruituak ematen dabilelako", azaldu dute Komisiñokuek. 

Biharkoaren ostean, atzera kontaketa hasiko da, urriaren 2an Maritxu Kajoi eguna iritsi arte. Bitartean, baina, girotzen joateko eskapularioak erosi ahal dira, bi eurotan, "betiko tabernetan".

Kolore gorria

Gorria du aurten kolore, "kolore bizia, ardoaren kolorea delako". Eta eskapularioan atzeko bertsoan Maritxu Kajoirekin  eta txikiteoarekin lotura handia izan eta aurten hil diren hiru lagun ekarri dituzte gogora: Meneta (Meneta taberna, Musakola), Txanpi (bodega, Musakola) eta Aizkora (txikitero fina).

Edozelan ere, eskapularioa aurretik erosi ezean, Maritxu egunean 12:00etan hasiko dira saltzen, ohiko kantoietan, ahalik eta jende gehienak eraman dezan, hori da-eta, Maritxu Kajoi Komisiñokuek egin duten eskaera: "Jendeak ondo pasa dezala, dotore-dotore jantzita atera dadila eta jakina, eskapularioa lepotik zintzilik duela". 

Miraria aginduta

Bestalde, Komisiñokuek jakinarazi dute Maritxuk "agindu" duela miraria, 20:30ak inguruan, zaindariari egiten zaion lore eskaintzaren ostean. Koadrilei eta herritarrei dei egin gura diete, beraz, loreak eraman diezaioten txikiteroen zaindariari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak