Manifestazio jendetsua Isaias Carrascoren kontrako atentatua gaitzesteko

Txomin Madina Milikua 2008ko martxoaren 10a

EAEkoak kenduta, Arrasateko udalean ordezkaritza duten gainerako alderdi guztietako zinegotziek eta Isaias Carrasco zenaren emazteak eta bi alabek ''Por la libertad ETA NO/ ETA EZ Askatasuna'' leloa zeraman pankarta eroan dute.


Manifestazioan  egon dira baita ere, eta beste askoren artean, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari orokorra, Jose Blanco Alderdi Sozialistako Antolakuntza idazkaria eta Zapateroren gobernuko aurpegi ezagunak, besteak beste, Pedro Zerolo eta Magdalena Alvarez Sustapen ministro ohia. EAko presidente den Unai Ziarreta eta Maria San Gil Euskadiko PPko presidentea ere bertan egon dira. Aralar eta IU alderdiek eta CCOO eta UGT sindikatuek ere  ordezkariak bidali dituzte manifestaziora, baita euskal erakundeek ere.

Biteri plazatik abiatu da manifestazioa aurreikusita zegoena baina zertxobait lehenago,  eta Navas de Tolosa kalera egin dute ondoren, Isaias Carrasco hil zuten tokira hain zuzen ere. Han  minutu bateko isilunea gorde dute eta herriko plazara abiatu dira gero. Patxi Lopezek komunikatu bat irakurri du bertan.

Adierazi du euskal herritarren gehiengoak bizitza aldarrikatzen duela lehenengo, eta bizitzarekiko errespetu gabe ez dagoela ez askatasunik, ez eskubiderik eta ezta duintasunik ere. ETAri eta bere inguruneari ez dutela atzera egingo esan die Lopezek, eta baita hitza, demokrazia eta askatasuna gailenduko zaiela euren kontra egiten dutenei. Bai manifestazioan zehar eta baita komunikatuaren irakurketan ere, hainbat herritarrek Isaiasen aldeko eta ETAren kontrako aldarrikapenak oihukatu dituzte.

Jendetsua izan da oso manifestazioa. Gainera, manifestazioa dela eta, herriko hainbat komertziok ateak itxi dituzte arratsaldean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak