Legealdiari kritika egin dio Herri Anitzak

Jon Berezibar 2007ko martxoaren 28a

Arrasateko Herri Anitza plataformako kideek agerraldia egin zuten martitzenean amaitzear den legealdiari buruz hitz egin eta une politikoa azaltzeko. Arrasateko Ezker Abertzaleak dio oso txertaturik jarraitzen dutela euskal gizartean eta gehiengo oso handi batek haiek udal hauteskundeetan esku hartzea gura duela.

Aurtengo hauteskundeak baino lehenago, baina, 2003tik hona, Udal Gobernuak egindakoen kritika zorrotza egin zuen Ezker Abertzaleak agerraldian.

Francoren garaietatik hona, Arrasateko Udalgintzaren historian, legealdi goibel, ilun, makur eta ezkorrena bezala kalifikatu zuten Lakuntzaren Gobernua. Noraezean ibili omen dira: ez gobernu, ez oposizio.

Gauza bakarrean asmatu dutela diote, ironiaz, Herri Anitzakoek: haien soldatak igotzen. 2003tik 2006ra %171n igo omen dituzte soldatak eta hala oposizioa indargabetzea lortu dutela diote.

Harremanak

Herriko taldeekin harremanak ezin negargarriagoak izan direla azaldu zuten: kultura txeke bidez lortutako espektakulo huts bihurtuz, kultura taldeei dirulaguntzak murriztuz…

Diote, era berean, herritarrei itxi egin zaiela udaletxea: herriko etxea. Sartzeko baimena behar dela orain eta bilkura publikoak herritar gehienak lanean dauden orduetan egiten direla.

Debagoienaren konurbanizazioa

Legealdiaren errepasoarekin jarraituz, Debagoiena Euskal Autonomia Erkidegoko laugarren konurbanizazioa bihurtzeko asmoei kritika egin zieten. Azaldu zuten Mankomunitatea erabat baztertu dutela eta interesatu zaienean Jaurlaritzaren zerbitzuan ipini dutela.

Amaitzeko, une politikora begirada zabaldu eta datozen hauteskundeetan parte hartzeko daukaten nahia azaldu zuten Herri Anitzakoek. Alderdien legea ezeztatzeko eskatu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak