Legarren etxebizitzak egiteko plana, onartuta

Ubane Madera 2008ko eka. 5a, 19:48
Herriko beste gune bat etxebizitzak eraikitzeko izango dela finkatu du udalbatzak. Legarre da gune hori; gaur egun pabiloi industrialak daude han, Gelma ondoan. Udalbatzak onartu duenez, Legarre pabiloia bota, eta hantxe eraikiko dituzte etxebizitzak, 80, guztira, Gipuzkoa etorbidera begira.

Legarreko plan bereziak zehazten duenez, eraikin bakarrean egin beharko dituzte etxebizitzok, asko jota 24 metro garai izango dena. Eraikinak, gehienez jota, sei solairu izan beharko ditu, etxeak egiteko, sotoa eta soto azpikoa. 

Jakina, legeak zehazten duena errespetatuz, garajeak eraikitzea ere aurreikusita dago Legarreko planean: gutxienez, 169.

Horrekin batera, oro har, inguruko azpiegiturak (saneamendua, argindarra, bideak…) berrituko dituzte; adibidez, beste bide bat eraikiko dute, errekaren ondoan, Legarreko urbanizazio berriak Zabalguneko (Gelma) urbanizazioarlekin lotura izan dezan.

Negozioak lekuz aldatu behar

Jakina, hori guztia egiteko bota egin beharko dute Legarre pabiloia. Beraz, oraindik han dauden enpresekin negoziatu egin beharko dituzte handik alde egiteko baldintzak. Adibidez, Elkorok jakinarazi du orain dela hiru urte hasi zirela horren gainean berba egiten, baina harrezkero ez dutela bestelako berririk izan. Aldiz, Berango, Zaldibar Errotulazioak eta AGA lantegiak bestelako kokagune batzuetara joan dira azken urteotan.

Gipuzkoa etorbidean bulebarra eta tranbia

Bestalde eta Legarre inguruan segituz, Udal Egitamu Orokorrean onartutakoaren arabera, Gipuzkoa etorbidearen zati hori oinezkoendako bilakatu gura dute, Maalako biribilguneraino. Are gehiago, alde batetik gura dute oinezkoendako bulebarra egin eta haren ondoan berdegune bat sortu, eta berdegune horretatik pasako litzateke tranbia. Juan Antonio Urdangarin Hirigintzako teknikariburuak esandakoaren arabera, tranbiaren egitasmoaren gaineko berririk ez daukate, baina, oraingoz, Udala “plan horren arabera dabil lanean". Adibide moduan, Gipuzkoa etorbidearen zati horretan egiten diharduten etxeak orain arteko eraikinak baino atzerago dabiltza egiten, esandako guztiari lekua egiteko: "Udala badabil espazioak husten hori egin ahal izateko".     

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak