Hastear dira San Andresen Abaroa eta auzo alkatetzako obrak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2008ko aza. 18a, 10:34
Zaharren egoitza eta San Andres auzoko alkatetza bilduko dituen egoitza berria laster hasiko dira eraikitzen. Lanok egitea 2008ko apirilean onartu zuen Arrasateko Udalak eta irailean adjudikatu ziren.

Eraikin berria Araba Etorbidean jarriko dute, Etxaluze deritzon eremuan –ikus irudia–. Hau da, San Josepe kalea eta Deba ibaiaren artean dagoen lur eremua hartuko du eraikin berriak.

Aldaketak obren ondorioz

Obretaz kexatzen denak bere horretan jarraituko du. Izan ere, egun egiten ari diren lanei beste bat gehituko zaie laster. Dagoeneko hasi dira obrei hasiera emateko prestaketekin. Hala, Deba ibaiaren kontra dagoen aparkalekuaren zati batean –oraingoz dozena bat aparkaleku dira– ezingo da aparkatu. Aparkaleku gutxiago, hortaz.

Oinezkoei dagokienez, bestetik, Etxaluze eta Eskatu eraikinaren artean, Araba etorbidea eta San Josepe kalea lotzen dituen espaloia itxita dago. Mozketa honen aurrean, Udalak Eskatu eta Bastar-Etxe artean dagoen espaloia erabiltzea aholkatu du.

Lanak, hamasei hilabetez

Udalak hamasei hilabeteko epea ezarri du egoitza berria gertu egon dadin. Urte eta lau hilabete hauetan, lanak direla-eta sortuko diren eragozpen eta zaratengatik  barkamena eskatu nahi izan du Udalak aldez aurretik.

Abaroa eta San Andres auzo alkatetzaren proiektua aurrera eroaten ia hiru milioi eta erdi euro gastatuko dira. Zehazki esanda, 3.419.243 euro balioko du egoitza berria egiteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak