Lasa enpresako gerenteak dio EREak iraun bitartean erabakiko dutela zer egin

Ubane Madera 2010ko urt. 18a, 12:22
ELA sindikatuak salatu du Lasa enpresan 11 langile bota gura dituztela Lan Erregulazio Txostenaren bidez. Enpresako gerenteak, berriz, azpimarratu gura izan du oraingoz ez dutela behin betiko erabakirik hartu eta EREa luzatu egin dutela.

Hainbat salaketa egin ditu ELA sindikatuak Arrasateko Lasa lantegiarekin lotuta; larriena, horixe: 11 behargin kaleratu gura dituztela. Sindikatuaren arabera, opor garaian hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuten, "langileei ia hiru hilabeteko soldata zor diete, eta kaleratzeak telefonoz dabiltza jakinarazten".

Sindikatu abertzaleak gaineratu du lantaldearen erdia kaleratu gura dutela enpresaren plan horren bitartez.

"Ez dago ezer erabakita"

Bada, kontu horren gainean Lasako gerenteak, David Castroviejok Arrasate Irratiari adierazitakoaren arabera, “momentuz ez dago ezer erabakita. Plana dago, baina ez dago erabateko erabakirik”. Castroviejok dio er egin aztertzen dabiltzala, baina azpimarratu gura izan du oraingoz ez dutela ezer erabaki. “Enpresara sartzen den produkzio edo eskaeren arabera ikusiko dugu zer egin; baliteke 11 langile kaleratzea, edo lau, edo 18, edo akaso denak, batek daki”, dio Cuatroviejosek.

Erregulazio espedientea luzatuta

Jakinarazitakoaren arabera, momentuz egin dutena da erregulazio espedientea luzatu. Emandako informazioaren arabera, joan den azaroaz geroztik daude erregulatuta Lasako 25 langileak. Berez, otsailean bukatzen zitzaien espediente hori, baina ikusita egoera ez dela aldatu, erregulazioa beste hiru hilabetez luzatzea planteatu, eta “ELA sindikatuak onartu egin du” proposamena. ERE horretan lanaren araberako errotazioak dabiltza egiten langileak.

56 urteren ostean, etorkizuna zalantzan

Enpresaren egoerari dagokionez, gerenteak onartu egin du egoera ez dela ona, ez dutelako ez ez produkzio eta ezta  ere, eta beraz, etorkizuna ez dutela garbi ikusten. “EREak irauten duen bitartean erabaki beharko dugu zer egin, baina esandako moduan, momentuz, 11 langileren kontratu desegite hori ez da segurua”. 

Arrasaten ibilbide luzea duen enpresa da Lasa, 56 urte daramatza merkatuan. 2009an, baina, krisiaren eragina nabarmen igarri dute Lasan, “izugarrizko produkzio jaitsiera” izan dute, eta harrezkero larri dabiltza. Lasaren produkzioaren %95 automobilgintzarekin lotutakoa da.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak