LASA enpresa itxi egingo dutela salatu du ELAk

Ubane Madera 2010ko mai. 14a, 12:50
Markuleten dagoen LASA enpresa itxi eta 25 langile kalean geratuko dira. Horixe salatu du ELA sindikatuak gaur goizean (egubakoitza). Epailearen esku dago kontua eta 15-20 egun barru jakinaraziko du erabakia. Sindikatuak lanean segitzearen alde borrokatuko du. Eta enpresa ixten badute, berriz, langileendako 45 eguneko kalte-ordaina lortzeko helburuarekin. Enpresako zuzendaritzak, berriz, nahiago du adierazpenik ez egin.

ELA sindikatuak salatu duenez, enpresak "soldatarik ez du ordaintzen irailetik eta EREan daude azarotik". Eta zera ere gaineratu du: LASA "itxi nahi dute orain lanik ez dagoela argudiatuz. Hori bai, gaur egun oraindik lana eskaintzen dute eta Txinan egiten da lana LASAko planoekin".

45 eguneko kalte ordaina gura

Emandako xehetasunen arabera, FOGASAren bitartez dabiltza soldatak kobratzen. "Baina FOGASAk bost hilabetekoa estaltzen du bakarrik, hortik aurrera norberaren langabeziatik jaten" dabiltzala adierazi dute.

Horrez gainera, kalean geratuz gero, 20 eguneko kalte ordaina emango dietela jakinarazi diete langileei, eta sindikatuak 45 egunekoa gura du. Erabaki hori ere epailearen esku dago.  

Enpresa ixten denean kalean geratuko direnen egoera ere azpimarratu gura izan du ELA sindikatuak: "Gazteenak 34 urte ditu, eta gero 40 urtetik gorakoak gara guztiak". 

Enpresarena

LASA enpresako zuzendaritzarekin ere jarri gara harremanetan, euren ikuspuntua azal dezaten, baina esan dute nahiago dutela adierazpenik ez egin.

 LASA enpresa Markuleteko industrialdean dago. Lineas Automaticas da izen osoa.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak