Langile barik, hutsik dago orain Utillajes Moldcam lantegia

Ubane Madera 2009ko urr. 5a, 13:42
Argi barik, telefono linea barik, lan barik… eta langile barik. Egoera horretantxe daude Utillajes Moldcam enpresan, irailaren bigarren astean langileak etxera bidali zituztenetik. "Enpresak aurkeztu zuen bideragarritasun planarekin ez zegoen inondik inora aurrera egiterik. Seguru aski likidaziora joango da fabrika", Hori da Utillajesko behargin askok uste dutena.

Hala ere, erabakia epaileen esku dago. Epaitegi zibilaren esku, batetik, Utillajes lege  konkurtsalean dagoelako (porrot aitorpenean); horrek esan gura du epaileak ezarritako administratzailearen esanaren zain daudela.
Hain justu, hark erabaki beharko du porrot aitorpena zilegi den edo ez. "Epaileak erabaki ahal izango du zer gertatuko den; administratzaile konkurtsalaren informea, enpresako kontuak eta zer denak ikusi ondoren, epaileak emango dio enpresari edo aurrera jarraitzeko agindua, eta hori uste dut oso zaila dela momentu honetan, edo bestela joango da likidaziora".
Horren harira, langileek salatu dute "epez kanpo" sartu zutela lege konkurtsala. 

Zorrak kobratu guran
Horrez gainera, enpresak beharginekin dituen zorrak kobratzea ere eskatu dute: "Ez dugu txakur txikirik kobratu martxotik gaurko egunera arte", salatu dute; "Iazko abenduko soldatak ere kobratzeke dituzte batzuek", salatu dute langileek.
Horrela, "Eibarko epaitegian egin zen demanda. Epaiketa ere egin da, baina epailearen erresoluzioaren zain gaude. Guk eskatzen dugu Moldcamek ordain diezazkigula zorrak. Dena den, eurak [zuzendaritza] kaudimengabe (insolbente) deklaratu dira; eta ondorioz, kobratu beharrekoa Fogasatik kobratu beharko dugu, seguru asko", salatu dute.

Bide penala ere zabalik
Horrekin batera, bide penaletik ere jo dute langileek. "Bergarako epaitegian dago beste demanda bat, lehengo bazkideak kargu egin daitezen gurekin, langileekin, uste dugulako egin zuten enpresaren salerosketa ez dela bidezkoa".

Lanean jarraitu guran
Izan ere, zorrak kobratu gura izateaz gainera, langileek hori baino gehiago ere nahiko lukete: "Nahiko genuke enpresa horrek jarrai dezala Arrasaten eta guk bertan lanean jarraitzea".

Espekulazioa ebitatzeko
Bitartean, behargin talde batek Utillajesek duen ondare bakarra, San Andresko partzela, "edozein espekulazio edo eraikuntza-enpresatako "pelotazotik" babestuta egon dadin", mozioa aurkeztu zuen osokoan, zera eskatzeko: "Industria lurzoru bezala mantentzea edo bestela erabilera publikora bideratzea; betiere, industria jardueraren etetea ez bada langileekin negoziatu eta itundu".

Mozioa onartuta
Udalbatzarrak mozioa onartu egin zuen. Alderdi politiko guztiek eman zuten haren aldeko botoa, PSE-EEk izan ezik; talde sozialista abstenitu egin zen; labur esanda, mozioa aurkezteko moduarekin ez zegoelako ados.
Mozioa onartzeaz batera, Ino Galparsoro alkateak adierazi zuen Moldcamen egoera dela "indarrean dagoen eredu ekonomiko bidegabearen ondorioa". Elkartasuna adierazi zien langileei eta gonbidatu zituen "eredu ekonomiko horren aldaketaren alde borrokatzera".  

Zuzendaritza
Bestalde, Utillajes Moldcam lantegiko zuzendaritzarekin harremanetan jartzeko ahaleginak behin eta berriro egin ditugun arren, ez da posible izan eurekin komunikatzea; beraz, ez dugu eskuratzerik izan haien ikuspunturik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak