Edozein modutan, maiatzetik hona badirudi egonkortu egin dela langabezia tasa Arrasaten. %10,60aren bueltan ibili da langabezia tasa maiatzetik. Aurreko hilabeteak okerragoak izan ziren langabeziari dagokionean. Hain zuzen ere, urtarrilean eta martxoan izan genituen daturik negatiboenak. Urtarrilean 1.477 langabe zeuden herrian, % 12, 76 hain justu. Martxoan, berriz, langabe bat gehiago zenbatu zuten; 1.478 herritar ziren langabezian orduan.
INEMeko datuen arabera, 11.541 lagunek osatzen dute biztanleria aktiboa. Erroldari dagokionez, 23.118 lagun bizi dira Arrasaten gaur egun.
Debagoieneko datuei erreparatuta, abuztuan, Antzuola da Arrasate baino langabezia tasa handiagoa duen herri bakarra. %10,88ko langabezia tasa dute Antzuolan eta Arrasaten, lehen esan bezala, %10,59.
Debagoienean, guztira, 2.970 langabe izan dira abuztuan eta langabezia tasa %9,58an kokatu da. Gure ibarrean otsailean eta martxoan eman zen tasarik altuena, %11,16koa hain zuzen. 3.460 langabe zeuden ibarrean aipatutako bi hilabetetan. Abuztura itzuliz, Oñatin izan dute langabezia tasarik baxuena, %7,29koa. 394 lagun izan dira langabeak Oñatin. Uztailean ere Oñatin izan zituzten daturik positiboenak.