Prebentzioan berrituz izenburupean burutu dituzte gaur goizean zehar Garaia Berrikuntza Gunean egindako jardunaldiak. Enpresa mediku, erizain, prebentzio teknikari zein sindikatuetako ordezkarien artean 95 pertsona inguruk hartu dute parte bertan, Euskal Herrikoak gehienak, baina baita Bartzelona zein Zaragozatik etorritakoak ere.
Segurtasuna, higienea, osasun behaketak eta ergonomia eta aspektu psikosoziala dira lan arriskuen prebentzioaren zutabe nagusiak. Athlon kooperatibako Kepa Larrearen esanetan, ergonomiari dagokionean lan-tresnen eta erreminten diseinua aintzat hartu behar dira ezbeharrak prebenitzeko, tresnak langileari egokitzeko, eta ez alderantziz..
Larrearen esanetan, prebentzioa gero eta gehiago lantzen eta hobetzen ari den esparrua da eta bere ustetan, krisiak krisi, horixe da jarraitu beharreko bidea.
Enpresen testigantza
Estampaciones Bizkaia enpresan, 25 urte daramate lan arriskuen prebentzioa lantzen. Bertako mediku den Bernar Mandaluniz izan da gaurko jardunaldietan part hartu duen hizlarietako bat. Bere esanetan, urte hauetan guztietan lan arriskuen prebentzioan egindako lanari eta garatutako metodologiari eskera, absentismoak behera egiteaz gain, langileen arteko komunikazioa ere hobetu egin da. Sortutako konfiantza mailak ekarri du langileek arazo edo lesioen lehen sintomak nabaritzean arduradunei jakinaraztea, eta Mandalunizen arabera horrek, eragin positiboa du: lesioak aurreikusten laguntzen du, baita absentismo epeak murrizten ere.