Lakuntzak duintasun politikoa eskatu du epaileak bere aurkako salaketa bertan behera utzi ostean

Arritxu Barruso 2008ko ira. 13a, 17:08
Bergarako epaitegiko instrukzio-epaileak bertan behera utzi du Gelmako etxebizitzen inguruan Arrasateko alkate ohi Inazio Lakuntzari ipinitako salaketa. 2005eko azaroan Ezker Batua alderdiko zinegotzi Ander Rodriguezek salaketa bat aurkeztu zuen Bergarako epaitegian Arrasateko alkate ohi Inazio Lakuntza eta Jose Maria Loiti eta Obenerrekako enpresaburu Jesus Guiberten aurka.

Salaketa horretan Lakuntza, Loiti eta Guiberti ondorengo hiru delituak leporatzen zitzaizkien: kohetxoa (funtzionario-eroskeria), diru publikoa bidegabe erabiltzea eta prebarikazioa (euren eginkizuna ez betetzea).

Bada, Bergarako epaitegiko instrukzio epaileak salaketaren epai ebazpena aurkeztu zuen irailaren 4an. Bertan adierazten da "egindako azterketen ostean baieztatu daitekeela ez dagoela salatutako arau-hausteen gaineko nahikoa froga". Hori horrela, epaileak, behin behinekoz, salaketa bertan behera uztea erabaki du.

Hori jakin ostean, Inazio Lakuntzak prentsa ohar baten bidez duintasun politikoa eskatu du. "Aitortzen dut politikaren jokoa gogorra dela. Baina are gogorragoa da, akusazio pertsonalen eta salaketa publikoen joko batean bilakatzen denean. Ez da hori nire tankera; Horrelaxe jakinarazi nion Arrasateko herriari eta eskerrak eman nahi dizkiet Arrasateko Udala modernizaziorantz eramateko aukera eman zidatelako" dio Lakuntzak. Era berean, salaketa ipini zutenek publikoki barkamena eskatu beharko luketela uste du Lakuntzak: " Oraindik ere ez dut ulertzen Ander Rodriguez eta Ezker Batuak izan zuten jarrera. Asko eskertuko nuke zuzenketa publiko bat. Alderdi politiko askok behin eta berriz esaten dute politika ez dela judizializatu behar, eta argi dago eurak kontrakoa egiten dutela. Egia esan ez diete inongo faborerik egiten inori".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak