La Salle arrasatearrak baino askoz gehiago izan zen Iturripen (58-77)

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko ots. 21a, 16:43
Ezinean ibili ziren etxeko jokalariak zapatuan Iturripen. La Salle taldea gehiago izan zen; ondorioz, beti atzetik ibili ziren etxekoak. Modu honetan, MUk sailkapeneko azkeneko postuan jarraitzen du 23 punturekin. Ea datorren astean irabazterik duten!

Partiduko lehenengo saskiratzea Bilboko Aurtenetxeak egin zuen; etxekoen taula, ostera, Anasagastik estreinatu zuen.

Bilbotarren nagusitasuna lehenengo minututik ikusi zen Iturripeko kantxan. Hala, Zurbanok hutsartea eskatu zuen lehenengo hamar minutuetan jokalariei aginduak eman eta haserre egiteko. MUko entrenatzailea ez zegoen batere gustura bere jokalariak egiten zabiltzan lanarekin.

Sei puntuko aldea

Lehenengo laurdenean 12-18 emaitzarekin amaitu zen. Hamar minututan sei puntuko aldea atera zuten bilbotarrek. Iturripeko harmailetan bildutako zaleek animatu zuten taldea, baina ezer gutxirako balio izan zuten oihu eta txaloek.

Bigarren laurdeneko bosgarren minutuan etxeko taldeak 19-24 jarri zuen markagailua. Momentu horretan, Iturripeko giroa guztiz berotu zen; markagailuan aldea murriztu eta berriro lehian sartzeko aukera garbia zeukan MUk. Baina, momentuko itxaropena besterik ez zen izan. Etxeko mutilek burua galdu zuten eta kontraerasoan agudo irteteko asmoarekin, baloi asko galdu zituzten. Hala, Zurbanok hutsartea eskatu behar izan zuen giroa lasaitu eta akatsak zuzentzeko. Atsedenera 20-35 iritsi ziren.

Bigarren zatian, berdin

Aldagelatik bueltan jokoak bere horretan jarraitu zuen. La Salleko jokalariek aldea handitu egin zuten: 24-44, 26-46 eta 30-50 izan ziren emaitza batzuk.

Hirugarren laurdena amaitzeko minutu eta erdi falta zela Anasagastik saskiratzea lortu, eta gainera jaurtiketa libreak lortu zituen. Modu horretan, 40-55 hurbildu ziren markagailuan.

Huts asko

Azkeneko laurdenean gauzak hobeto egiten saiatu ziren etxekoak, baina ordurako berandu zen. Jaurtiketa libre asko huts egin zituzten etxekoek –partidu guztian bezala–, eta hiruko saskiratzeetan ez zuten zorterik izan. Gainera, partiduaren pisu guztia Arejolaleibarrengan utzi zuten; eta, hark ezin izan zuen taldea aurrera atera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak