La Dinamikak dantza eta antzerkia uztartuko ditu Amaian

Irati Agirreazaldegi 2009ko ots. 13a, 18:18
Jon Ariñok zuzenduta eta taula gainean Maria Martin, Eguzki Zubia eta Bego Krego aktoreak direla, dantza eta antzerkia uztartzen dituen Animaliak ikuskizuna eskainiko du La Dinamika taldeak Arrasaten. Iuskizuna Amaia antzokian izango da otsailaren 14an, zapatuan, 18:00etan, eta sarrerak lau euro balio du.

La Dinamika antzerki konpainiak berezkoa duen dantzaren eta antzerkiaren arteko konbinazioa eskainiko du antzezlan horretan ere, antzerki teknika, lengoaia eta baliabide eszeniko bereziz lagunduta. Gainera, Santi Aedoren jatorrizko musikarekin umeei ere parte hartzeko aukera emango diete aktoreek ikuskizunean, ikusle ez ezik partaide ere bihurtuz.

Gorputz espresioa dantzarekin eta eszena poetikoarekin jantziz, ikusleak paradisu galduan sartuko dituzte aktoreek eta paradisuko bizilagunak pixkanaka taula gainean azalduko dira.

Paradisu galdura bidaia

Loreak, landareak eta animaliak  etengabe eraldatuko dira antzezlanean barrena, ikusleak bidaia batean barneratuz.

Zirkulua, lurra, magma likidoa, hotsa... Big Bang teoria, azken finean, bidaia baten hasiera ederra. Antzezlanean aurrera egin ahala loreak, landareak, animaliak, zizareak... dantzan agertuko dira taula gainean. Dantzan, mundu zirraragarri eta dibertigarria erakutsiz. Lau urtetik gorako umeei zuzenduta dago antzezlan hori, baina familia giroan ikusteko egokia ere bada.

Hortaz, Animaliak lanarekin Lurra planetako toki ezezagunetara, desagertzear dauden lekuetara, helarazi nahiko dituzte La Dinamikakoek umeak zein nagusiak dantzaren eta mugimenduaren bitartez.

Naturaren edertasuna

Konpainiaren helburuetariko bat da umeen irudimena eta eszena poetikoa uztartzea unibertso berezi batean sartuz. Horrela, umeei naturaren edertasuna eta munduaren ikuspegi positiboa helarazi nahi diete aktoreek, berez nahiko gogorra eta ezkorra baita askotan.

Maria Martin aktoreak esan digunez, euren asmoa da umeek ondo pasatzea: "Orain arteko emanaldietan erantzun ona izan dugu. Umeei eta gurasoei asko gustatu zaie antzezlana, hortaz, Arrasaten ere horrela izatea espero dugu. Obran barrena aldaketa asko dago, hortaz, lan azkarra eta dibertigarria da", dio. Animaliekin gozatu nahi dutenek zapatuan dute horretarako aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak